Urola Gustagarriren azoka berezia egingo dute larunbatean, Zestoan

Ane Olaizola 2015eko apirilaren 17a

Urola Gustagarri ekimenaren barruan, bailarako produktuak dastatzeko azoka berezia jarriko dute larunbatean, Zestoan. Urola Erdiko ekoizleek euren postuak jarriko dituzte, 11:30etik aurrera, Laranjadi Plazan. 12:00etatik aurrera, Urkaiko kooperatibak euskal okelarekin egindako pintxoak prestatuko ditu, eta Ekain sagardoa dastatzeko aukera ere egongo da. Horrez gain, sukaldaritza tailerra eskainiko die Beizamako Aterpetxea-Ingurumen Zentroak umeei. Hirugarren aldiz ari dira egiten Urola Gustagarri, bertako ekoizleak eta produktuak balioan jartzeko asmoz eta bide batez aisialdi eta turismorako eskaintza "erakargarri" bat sortzeko. Urkomek eta Iraurgi Berritzenek antolatu dute, eta oraingoan euskal okelarekin eta behi esnea izan dituzte oinarri. Hori hala, martxoaren 19tik apirilaren 19ra bi produktu horiekin egindako  menu bereziak ari dira prestatzen Azpeitiko, Azkoitiko, Errezilgo, Aizarnako eta Beizamako hamar jatetxetan, eta herriz herri ekintza desberdinak egin dituzte.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide