Lurra egokitu, hesia jarri eta tunelak argiztatu dituzte
(Ane Olaizola)
Zestoa eta Lasao arteko trenbide zaharrean herritarren joan-etorria nabari da azken egunetan. Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak amaitu ditu bide berdea egiteko lanak, Zestoari dagokion eremuan. Trenbide zaharra berreskuratzeko, lurra egokitu, tuneletan argiak jarri eta bide osoan zehar egurrezko hesi bat jarri dute, bainuetxe atzetik hasi eta Lasaoko geltoki zaharraren geltokiraino. Azpeititik doan bide gorriarekin lotzea geratzen da orain.
Azpeititik doan bidegorria Lasaoko auzogunean amaitzen zen orain arte, eta errepidearen bestaldean dagoen Corrugados Lasai enpresa pareraino egokitu du bide berdea aldundiak orain. Bi bideak lotzeko falta den zatia «motza» dela azpimarratu dute, baina baita konplexuena ere, tartean dagoen errepidearen eraginez. Azpeitiari dagokion eremua da, eta aldundia oraindik ez da hasi hura egiteko lanekin, oraindik erabaki gabe baitute nola egin.
Iazko azaroan hasi ziren bide berdea egiten, eta joan zen astean amaitu zituzten obrak. Izan ere, udalak adierazi duenez, beharginak ez dira aritu jarraian lanean. Herritarrek erabakitako proiektua izan da Azpeitia eta Lasao artean bide berdea egitea; izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiaren partaidetzazko aurrekontuetan boto gehien jaso zituen 2013an. «Jendeak oso gustura hartu du, eta pertsona asko ikusten dira bizikletan edo paseoan», esan du Leire Etxeberria Zestoako alkateak. Izan ere, bide berdea egitea herritarentzako azpiegitura garrantzitsua dela azpimarratu du: «Aukera bat gehiago ematen du Azpeitia aldera joateko. Gainera, jende asko dago Azpeitian lan egiten duena, eta haientzako ere onuragarria izango da».
Azpeitiarekin lotura eginda, Zestoako bide berdea Zumarragaraino iritsiko da, eta kostaldearekin lotzeko proiektua ere abian da. Izan ere, Zestoa eta Zumaia arteko bide berdea osatzen hasteko, ibilbidean dauden bi tunelak konpontzea erabaki zuten iaz herritarrek, partaidetzazko aurrekontuetan. Aldundia aurten da lan horiek egitekoa, eta lizitazioan dira egun.