Mikel Arregi, gaur, aurkezpenean
(Danbolin)
Zestoako EH Bilduk gaur jakinarazi du maiatzeko udal hauteskundeetara aurkeztuko duen zerrendaburua, eta datozen egunetan dira hautes zerrendaren berri ematekoak. Mikel Arregi 'Ertxin' izango da koalizioaren alkategaia.
Arregi Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioko presidentea da, eta aurretik ere politikan aritutakoa da. Herri Batasuneko Mahai Nazionaleko kide izan zen, 1997an atxilotu zuten arte. Lau hilabete espetxean igaro ostean, aske gelditu ziren, baina epaiketa eta gero beste bi urte igaro zituen kartzelan. 35/02 sumarioan auziperatuta egon zen, eta epaileak absolbitu egin zuen.
Zerrendaburua aurkeztearekin batera, EH Bilduk datozen lau urteetarako prestatu duen herri programaren berri eman du. Arlo sozioekonomikoak izango du garrantziarik handiena; besteak beste, elkartasun mahaia hilero elkartzen hasteko eta ekonomia suspertzeko aholku batzorde bat osatzeko asmoa dute.