'Lilitarren ohorea' antzezlana estreinatuko dute gaur Lili Jauregian

Eneritz Albizu Lizaso 2015ko mar. 27a, 16:19

Lili Jauregiko Andre Madalenen barru-barruko pentsaerak eta bizipenak ezagutzeko aukera izango dute bisitariek gaurtik aurrera, Zestoako Lili Jauregian. Izan ere, Lilitarren ohorea antzezlana estreinatuko dute, eta orain artean Andre Madalenek barruan gordeta izan dituen tristura eta adorea ateratzeko aukera izango ditu. Bere bizitza zeharo aldatuko duen gertaera baten ondoren, ikuslearen aurrean biluztuko da euskal emakumea. Hain zuzen, 1678. urtera bidaiatuko dute berarekin jauregira gerturatzen direnek. Asteburu honetako antzezlanak doan izango dira zestoarrentzat. Hala ere, adierazi dute komeni dela aurrez txartela hartzea, Ekainberrin. 11:30ean eta 16:30ean, gaztelaniaz izango dira saioak; 12:30ean eta 17:30ean, berriz, euskaraz. Leire Etxeberria Zestoako alkatearen arabera, herrian "oso ondo txertatu den" ekintza da Lili Jauregian egiten duten antzezlana. 2013an estreinatu zuten Agur Lili obra; eta haren arrakasta dela-eta jarri dute bigarren obra. "Guk hasieratik ikusi genuen antzerkiak asko eman zezakeela, eta hala ari da izaten", esan du Etxeberriak. Bestalde, Zestoako antzerki taldeari eskerrak eman dizkio alkateak, egiten duten lanagatik.

Andre Madalenen azalean

Maialen Kortadi Zestoako antzerki taldeko kidea da Lilitarren ohorea antzezlanean Ande Madalenen papera egingo duten pertsonetako bat. Kortadiren arabera, "ohorea" da paper hori egitea, batik bat, beraiek bezala, zestoarra zelako Lili Jauregiko emakumea ere. Antzezlearen arabera, obra honek aurrekoak baino aukera gehiago ematen du sentimenduak azaleratzeko, eta beraientzat "oso lan polita" da. Misterioa, tristura eta sentimenduen nahasketa adieraziko ditu Andre Madalenek bihartik aurrera XVI. mendeko jauregian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide