Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Hiru hilabete iraun duen zikloa amaituko du Zestoako EH Bilduk larunbatean, maiatzeko udal hauteskundeetara aurkeztuko diren hautes zerrendaren eta herri programaren berri ematearekin batera. 11:00etan, kultur etxean egingo dute ekitaldi publikoa, eta bertan ziklo horretan garatu duten metodologiaren berri emango dute, eta arlo bakoitzean egindako lana azalduko dute, zerrenda osatuko duten kideak aurkeztearekin batera.
EH Bilduk abenduan hasi zuen hauteskundeetara begirako prozesua Zestoan. "Maiatza bitarteko agendaren berri eman genuen orduko hartan, eta bide hori jorratzen jardun dugu gaur arte. Alde batetik, herri programa ahalik eta modu parte hartzailenean garatzeko emango genituen urratsen berri eman genuen. Horren isla izan dira otsaila hasieran arloka egin genituen lan saio irekiak, zeinetan 80 pertsona baino gehiagok hartu zuten parte", esan dute. Saioetan arlokako diagnosiak egin dituzte, eta koalizioaren arabera, parte hartzaileek egin dituzten proposamenak dira programan bildu dituztenak. Hautes zerrenda osatzeko ere, herritarren proposamenak hartu dituzte kontutan.