Harrobia Herri Plataformak salatu du udalak «informazioa ezkutatu» duela

Ane Olaizola 2015eko martxoaren 24a

Zestoako Osinbeltzeko proiektua esku artean eduki gabe parte hartze prozesuarekin hasi izana kritikatu du taldeak. Udala: «Informazio guztia herritarren esku jarriko da».Zestoako Jarraipen Mahaiak herriko eragileekin hainbat bilera egin ostean, Harro...

Zestoako Osinbeltzeko proiektua esku artean eduki gabe parte hartze prozesuarekin hasi izana kritikatu du taldeak. Udala: «Informazio guztia herritarren esku jarriko da».

Zestoako Jarraipen Mahaiak herriko eragileekin hainbat bilera egin ostean, Harrobia Herri Plataformak salatu du ez dela mahai gainean jarri Osinbeltz harrobian hondakin geldoen biltegia jartzeko proiektua berma- tzeko «dokumentazio garrantzitsurik», honek udalari «behin eta berriz» eskatu arren. Hain zuzen, taldeak hainbat txosten eskatu dizkio udalari, eta oraindik erantzunik ez dutela jaso adierazi dute. Besteak beste, biltegiaren balizko kokalekuak aukeratzeko aurretiazko azterketaren txostena, Zubietako TMB plantaren proiektua eta Osinbeltzen egin nahi den proiektua eskatu dizkie. Azken honi dagokionez, proiekturik ez dagoela adierazi dute.

Aldundiak, udalak eta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak dagoeneko hasita dute Osinbeltzi lotutako parte hartze prozesua, proiektuaz informatu eta eztabaidatzeko. Egoeraren aurrean, honakoa galdetu dute plataformakoek: «Zer mailatako parte hartzea izan daiteke informazioa ukatu eta ezkutatzen denean? Nola daiteke gutxienez hemendik 20 urtetara gauzatuko litzatekeen Osinbeltzeko berreskurapenaz hitz egin, egin nahi den zabortegiaren proiekturik ere ez dagoenean?».

Udalak, ordea, gezurtatu egin du informazioa ezkutatu izana, eta plataformaren esanak «intentzio txarrekoak» direla azpimarratu du: «Herriarentzako hain erabaki garrantzitsua denaren aurrean jokabide hori hartzea erantzukizun eta ardura gutxikoa iruditzen zaigu. Izan gaitezen kritikoak eta azter ditzagun pauso guztiak zorroztasunez, baina ez gaitezen ibili elkar oztopatzen ezertan hasi baino lehen».

«Orain arte egin dugun bezala», udalak jasotzen duen informazio guztia «uneoro herritarren esku» utziko dutela argitu du, «parte hartze prozesuan ekarpenak eta erabakiak erantzukizunez eta ardura osoz hartu ahal izateko, guztion artean». Horrez gain, gaiarekin lotutako kontuekin «zorroztasunez» jokatuko dutela agindu dute, eta hala eskatuko dizkiete zehaztasunak Gipuzkoako Foru Aldundiari, «txosten tekniko guztiak lortu eta partekatzeko».

Udalaren arabera, plataformak eskatu dizkion txostenak dagoeneko berak eskatuta dizkio Gipuzkoako Foru Aldundiari, eta horiek jaso eta «ondo aztertu» bitartean harrobiaren «inolako proiekturik» ez dutela onartuko berretsi dute. «Ez daukagu inolako zalantzarik horretan, eta aldundia eta GHK erakundeek ondo dakite hori. Baina txostenak elaboratu eta aurkezteak epe batzuk ditu, eta patxadaz jokatu behar dugu txostenak iritsi arte, eta patxadaz txostenak aztertu ahal izateko».

Prozesuko bilerak, abian

Bien bitartean, udalak herritar guztiak gonbidatu ditu Jarraipen Batzordean eta hasi berri duten Zestoarren aukera parte hartze prozesuan parte hartzera, «bertan aztertuko baitugu eskuetara iritsiko zaigun informazioa oso-osorik». «Parte hartze prozesuan entzun, ikasi, bermeak zehaztu eta Zestoaren etorkizunerako onak izango diren proposamenak landuko ditugu. Eta hori guztia egin eta gero, berriro galdetuko dugu zein den zestoarron azken erabakia». Hain zuzen, bilerak hasi dituzte dagoeneko; atzo elkartu ziren lehenengoz, eta gaur 14:30ean izango da bilera, euskaraz; 19:00etan, berriz, gazteleraz egingo dute.

Ondoren, auzoen txanda izango da; bihar, Aizarnako herri etxean bilduko dira, eta etzi Arroa Goiko bizilagunek izango dute bilera, herri etxean. Hurrengo astean jarraituko dute bilerek, eta saio guztiak 19:00etan hasiko dira. Lehenengo bileretan harrobiaren berreskurapenari buruz hitz egingo dute. Besteak beste, Peter Fink hirigintza arloko artista izango da bileretan. Degradatutako hainbat gune berreskuratu ditu Finkek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide