Gaur hasiko dira 'Zestoarren aukera' parte hartze prozesuko bilerak

Ane Olaizola 2015eko martxoaren 23a

Zestoako Osinbeltz harrobiaren proiektuaren etorkizunaz informatzen eta eztabaidatzen hasteko lehenengo bilera egingo dute gaur. Herrigunean hasiko dira bilerekin, eta gaur 19:00etan elkartuko dira, Kultur Etxean. Bihar, berriz, 14:30ean izango da bilera, euskaraz, eta 19:00etan gaztelerazko bilera egingo dute. Ondoren, auzoen txanda izango da; asteazkenean, Aizarnako herri etxean bilduko dira, eta ostegunean Arroa Goiko bizilagunek izango dute bilera, herri etxean. Hurrengo astean jarraituko dute bilerek; astelehenean, Arroabeko kultur etxean bilduko dira, eta hurrengo egunean Iraetako Gure Ordekan. Saio guztiak 19:00etan hasiko dira. Lehenengo bileretan harrobiaren berreskurapenari buruz hitz egingo dute. Besteak beste, Peter Fink hirigintza artista izango da bileretan. Degradatutako hainbat gune berreskuratu ditu Finkek. Udalak bileren garrantzia azpimarratu du, herritarrek dituzten kezkak partekatzeko aukera izango dutelako. "Era askotako iritziak daudenean, parte-hartzea, patxadaz hitz egiteko guneak sortzea, desberdinen arteko iritzi trukaketa... oso tresna aproposak izan daitezke erabaki arrazionala eta arduratsua hartu ahal izateko. Eta batez ere, herriko elkarbizitzaren aldeko apustua egiteko". Iritzi desberdinak plazaratu eta azaldu eta gero, azaroan erabakiko dute aldundiak Osinbeltzen proposatutako egitasmoa onartu edo ez. Beraz, herritarrei dei egin die bertaratu daitezen. Martxoaren 12an egin zuten prozesuaren inguruko aurkezpen ekitaldia, eta Osilbeltzera ere bisita egin dute. Bisitaren ikus-entzunezkoa hemen ikus daiteke: http://zestoarronaukera.eus/eu/bisita-harrobira/  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide