Osinbeltzeko harrobia isolatu beharra dago han hondakin geldoen biltegia jarriz gero, eta horrek sortzen dituen kezkak argitu nahi izan dituzte Zestoan hitzaldi batekin.
«Honelako azpiegiturak ehunka eraiki dira Europan eta Estatu Batuetan, arrisku gabe». Hori azpimarratu du Aitor Zulueta geologoak. Aste honetan Zestoan izan da, Osinbeltzen hondakin geldoen biltegia egingo balitz, hura isolatzeko moduaz hitz egiten. Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak antolatu zuen hitzaldia, uste baitu gai hori dela zestoarrak gehien kezkatzen dituena. Alegia, harrobira botako liratezken hondakinen eraginez filtraziorik ez egotea azpira, akuiferoak babesteko. Isolatze lan hori egingo lukeen ICP enpresa alemaniarreko zuzendari nagusia ere hitzaldian izan zen.Zuluetak uste du mahai gainean dagoen ideia oso ona dela, baina zehaztu du bera teknikoki laguntzeko dagoela, eta proiektua martxan ez dagoenez, horren inguruko baloraziorik ezin duela egin oraindik.
Teknologia aurreratua
Zuluetaren ustez «zabortegi kutsatuak orain 30 urteko azpiegiturak dira, gaur egungo biltegiek ez daukate zerikusirik». Bere esanetan, hondakinak biltzeko kudeaketaren teknologia oso ezaguna eta aurreratua da. Gainera, nabarmendu du erakundeek asko kontrolatzen dutela hau guztia: «Europatik eta Eusko Jaurlaritzatik ahalegin bikainak egiten dira kontrolatzeko, eta horrek lortzen du gizartea arrisku gabe bizitzea».
Lurra babesteko legeak oso zorrotzak direla esan du, eta isolamendu edo barrera geologiko egokiak eta iraunkorrak eraikitzera behartzen dutela. Barrera geologiko natural egokirik topatzea ia ezinezkoa dela adierazi du: «Edozer eraiki aurretik eremu gehienek babes artifiziala behar dute», nabarmendu du.
Baina onartu du segurtasunari dagokionez %100eko bermerik ez dagoela. «Teknologia aurreratuenak erabiliz, bermea oso handia da. Ez da %100ekoa, bai ordea, beste teknologia esparruetakoa. Oso aurreratuta gabiltza esparru honetan. Arriskua 0 izatea ez da posible inoiz, baina hori ez dago lotuta material, diseinu edo kudeaketarekin».
Hitzaldian azpimarratu zuten ideia nagusia bat izan zen: halako isolamendu lanak «ohikoak eta seguruak» direla, hain zuzen.