Bizkaia aldera joan dira aurten txapelak. Lekeitiokoa da Ibon Bengoetxea, eta Lezamakoa, Itziar Olabarrieta. Haien atzetik sailkatu dira Zestoako 37. Herri Krosean Endika Donnay, Javier Perez, Andoni Sudupe (Azpeitia) eta Alvaro Nozal gizonezkoetan. Emakumezkoetan, Uxoa Irigoien getariarra bigarren sailkatu da, eta ondoren Naiara Casi, Idoia Ezeiza eta Miren Josune Bikuña sailkatu dira. Herriko aurrenekoak Lander Zabala eta Mertxe Uribetxeberria izan dira. Horiek guztiek ibilbideari hiru itzuli eman dizkiote: 8.567 metro, guztira.
Bira bakarra (2.650 metro) egin dutenen artean, berriz, Ander Telleria zestoarra eta Ainhoa Conde azkoitiarra nagusitu dira. Gizonezkoetan Aitor Salvador, Gwendal Larque, Amets Aranberri (Zestoa) eta Asier Aranburu sailkatu dira ondoren. Emakumezkoetan, Agurtzane Arriola, Lorea Cabello, Leire Beristain (Azkoitia) eta Aroa Arteaga. Herriko aurreneko sailkatuak, berriz, Adur Barroso eta Udane Cabanillas izan dira.
10:00etan hasi dira aurreneko lasterketak, eta ia etenik ez dute izan eguerdira arte. Benjamin neskak eta mutilak izan dira aurrenekoak; kimu neskak eta mutilak ondoren; infantilen txanda izan da gero; eskolaurrekoak eta 2007an eta 2008an jaiotakoek ere egin dute korri; eta, azkenik, gazte eta helduen txanda iritsi da.
Euria egin du momentu batzuetan, baina oro har eguzkitan egin dute proba parte-hartzaileek, eta giro ona izan da nagusi aurten ere. Eskualde osoko kirolariek hartu dute parte Zestoan.
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide