Aitor Zulueta geologoa, Gerd Burkhardt ICP-ko zuzendaria, Ainhoa Intxaurrandieta GHKko lehendakaria eta Silvia Venema ICP-ko ingeniaria.
Osinbeltz harrobian hondakin geldoen biltegia jartzen bada, aurrena lurra isolatu beharko da, eta isolamenduaren gaiak herritarren artean sor ditzakeen kezkak argitzeko asmoarekin, hitzaldi bat eman zuen atzo Zestoan Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak.
Aitor Zulueta geologoa isolamenduetan aditua da, eta Osinbeltz harrobiaren proiektuaren normaltasuna eta ohikotasuna azpimarratu zuen. Esan zuen lurraren babeserako legeak oso zorrotzak direla, eta lege hauek isolamendu edo barrera geologiko egokiak eta iraunkorrak eraikitzera behartzen dituztela. Barrera geologiko natural egokirik topatzea ia ezinezkoa dela ere esan zuen, eta horregatik, edozer eraiki aurretik eremu gehienek babes artifiziala behar dutela. Lasaitasun mezua helarazi nahi izan zuen, bere esanetan geologia arazoak, "ingeniaritza bidez konpontzen baitira".
Osinbeltzen aldundiaren proiektua egiten bada, ICP Alemaniako enpresa arduratuko litzateke isolaketa lanak egiteaz. Horregatik, Zestoako hitzaldian egon zen
Gerd Burkhardt ingeniari eta ICP enpresako zuzendaria. Bere esperientzien berri eman zuen. Bereziki Alemaniako Bad Kissingen herrian kokatua dagoen harrobiaz mintzatu zen, eta hura hondakinen biltegi gisa egokitzeko burutu zituzten isolamendu teknikez. Eremu jakin batean metatuko diren materialen ezaugarrien arabera, barrera geologiko artifizialaren ezaugarriak desberdinak izango direla aipatu zuen, baina Aitor Zuluetaren iritziarekin bat eginez, gaur egun erabiltzen diren "puntako teknologiak" eta materialen iraunkortasun eta ziurtasuna aipatu zituen.
Alemaniako harrobiarekin alderatuta, Osinbeltz harrobiak "abantaila bat" duela aipatu zuen, eremuaren aldapak bertako urak jasotzea errazten duen neurrian. Isolatzeko erabiltzen diren materialek "erabateko segurtasuna" ematen dutela esan zuen, eta harrobiaren azpiko akuiferoak modu seguru batez babestu daitezkeela.