Osinbeltzeko harrobiaren isolamenduaz hitzaldia antolatu du Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak

Urola Kostako Hitza 2015eko martxoaren 16a

Zestoako udaletxeko pleno aretoan egingo dute solasaldia, 19:00etatik aurrera, eta irekia da herritar guztientzat.

Osinbeltz harrobia
(Nerea Uranga) Zestoarrek gaiarekiko duten kezka dela-eta, Osinbeltzeko harrobiaren isolamenduaz hitzaldia antolatu du Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak. Gaur (asteartea, martxoak 17) da solasaldia, eta Zestoako udaletxeko pleno aretoan bilduko dira, 19:00etatik aurrera. GHK-ko ordezkariek esan dute «kezka ugari sortzen» ari dela zestoarren artean Osinbeltzeko harrobian jarri nahi duten bizigabetutako materia biltegia: «Horiek guztietatik kezka nabarmena harrobiaren azpiko akuiferoen babesa da». Kontsortzioko kideek azaldu dutenez, «gauza jakina» da biltegia egin aurretik beharrezkoa dela Osinbeltzeko harrobia isolatzea. Hain zuzen, gai horri buruzko argibideak ematea izango du xede gaurko hitzorduak.

ICP-koekin berriketan

Ainhoa Intxaurrandieta GHK-ko lehendakariak egingo ditu moderatzaile lanak hitzaldian, eta honakoek parte hartuko dute: Aitor Zulueta geologo eta isolamenduetan adituak, Gerd Burkhardt ICP-ko ingeniari eta zuzendariak eta Silvia Venema ICP-ko ingeniariak. Alemaniako enpresa bat da ICP, eta bera arduratuko da Osinbeltzeko harrobiko isolamendu lanak egiteaz. Horregatik izango dira gaur hitzaldian bertako ingeniariak, herritarrei azalpenak emateko. Hitzaldiaren ostean, galdera-erantzunen txanda irekiko dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide