Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Arroabeko Guraso Elkarteak antolatuta, II. Zuhaitz Eguna egin zuten larunbatean Zestoako Arroabea auzoan. 12 erramu zuhaitz landatu zituzten eliza inguruan, Haur Hezkuntzako eraikinaren alboan eta Olaeta bizigunean. Zuhaitzak landatzeaz gain, auzoko ikastetxean eraikin berria egitea ere aldarrikatu zuten antolatzaileek eta auzotarrek. Honako testua irakurri zuen elkarteak:
"Zuhaitz bat landatzerakoan, hura indartsu hazten ikustea izan ohi da gure nahia. Horixe bera gertatzen zaigu azken hilabeteetan esku artean darabilgun gai nagusiarekin: eskola berria izateko ametsaren hazia landatu genuen, ura bota diogu, eta ongarri izan diren ekintzak burutu ditugu.
Arroaren geroa bermatzen duten kimuak dira egungo eta etorkizuneko haurrak, eta gaur landatuko ditugun zuhaitzek bezalaxe, ingurune egokia behar dute, eguneroko zaintza, eta arriskuetatik babesa. Eskola Berria behar dute, eta orain!!
Beraz, maitasunez landatuko ditugu gaur zuhaitz hauek; pentsatuz, haundi eta indartsu egiten diren einean, gure ametsa ere elikatuko dutela, eta berandu baino lehenago, eskola berriko inguruetan egingo dugula Zuhaitz Eguneko hurrengo landaketaren bat. Denon bultzada behar dugu horretarako".