Korrika iristear da Urola Kostako udalerrietara, eta dagoeneko Korrika Kulturaleko azken ekitaldiak egiten ari dira Azpeitian, Azkoitian eta Zestoan. Hiru herri horietako Korrikako Batzordeek eta mendizale elkarteek antolatuta, Xoxotera igoko dira igandean, 09:00etan abiatuta. Behin tontorrean, salda beroa emango zaie parte hartzen duten guztiei, eta erromeri giroan igaroko dute goiza. Gaur eta bihar izena eman daiteke, hiru euroren truke, honako lekuetan: Azkoitiko AEKren egoitzan, Azpeitiko mendizaleen tabernan eta Zestoako Kiroldegian.
Irteera 09:00etan izango da, hiru udalerrietatik. Leku hauetatik irtengo dira mendizaleak: Azpeitian, herriko plazatik; Azkoitian, Balda Plazatik edo Attolako aparkalekutik; eta Zestoan, Gurutzetik. Hiru udalerrietako Korrika Batzordeek Azkoitiko Anaitasuna Mendi Bazkunaren, Azpeitiko Lagun Onak Mendi Bazkunaren eta Agiro Zestoako Mendi Elkartearen laguntzarekin antolatu dute irteera.
Korrika Kulturala herriz herri eratzen den mugimendua da; eta, horrexegatik, bailarako ekitaldi bateratua egiteko asmoarekin antolatu dute Xoxotera igoera. «Xoxote Azpeitiaren, Azkoitiaren eta Zestoaren artean dagoenez, pentsatu genuen ideia polita zela hiru herriek euskararen aldeko jaia ospatzeko», esan du Olalla Epelde Urola Erdiko Korrikako koordinatzaileak. Haren arabera, Xoxotek eta bertako aterpetxeak beti izan dute lotura estua AEK-ko jaiarekin, eta aukera «polita» zela ikusi zuten Korrika Batzordean.
Kilometroen zozketak
Astelehenean izango da kilometroak erosteko azken eguna Azpeitian, Azkoitian eta Errezilen. Azkoitian eta Errezilen, astelehenean bertan egingo dute kilometroen zozketa, 19:30ean; Azkoitian, AEK-n, eta Errezilen, Kultur Etxean. Azpeitian, asteartean egingo dute zozketa, 19:30ean, Sindikatu Zaharrean. Zozketak irekiak dira, eta bilerara joaten direnek lehentasuna izango dute ibilbidea aukeratzeko.