Bihar hasiko dute Osinbeltzen etorkizuna erabakitzeko prozesua

Ane Olaizola 2015eko martxoaren 11

Aurkezpen hitzaldian, besteak beste Green Urbanism proiektua azalduko dute. Udalak agindu du «alderdien interesen gainetik» herritarrenak defendatuko dituela.

Osinbeltz harrobiaren eta Zestoaren etorkizuna erabakitzeko, parte hartze prozesu bat hasiko dute bihar aurkezpen hitzaldi batekin. Bertan hitza hartuko dute Leire Etxeberria Zestoako alkateak, Miren Arbelaitz Gipuzkoako Foru Aldundiko Partaidetza teknikariak eta Olatz Estensoro Nola Kooperatibako kideak. Azarora bitartean hainbat ekintza egingo dituzte herritarrak informatzeko, denen artean eztabaidatzeko eta, azkenik, biltegiaz bozkatzeko. Hiru fasetan banatuta egingo dute, eta lehenengoa aurkeztu zuten atzo Etxeberriak eta Agurtzane Loidi Nola Kooperatibako kideak. Loidiren arabera, parte hartze prozesuaren bidez «modu kolektiboan» hartu nahi dituzte erabakiak. Hala, herritarrek «erakundeekin eraikiko dute» teknikoki landu behar den berres- kurapen proiektua, zestoarren beharrak eta lehentasunezko proiektuak identifikatuko dituzte, eta aldundiarekin eta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioarekin egingo duten hitzarmenaren irizpideak landuko di- tuzte. Hori guztia lehenengo fasean egingo dute, maiatzera bitartean. Bihar hasiko dute prozesua. 19:00etan, Kultur Etxean, gaia azalduko dute, eta herritarrek kezkak adierazteko aukera izango dute. Era berean, Peter Fink hirigintza artistaren Green Urbanism (Hirigintza Berdea) proiektua azalduko dute. Fink ez da aurkezpenean izango, baina berak grabatutako bideo bat emango dute. Etxeberriak azaldu duenez, Finken proiektuaren bidez, Europako hainbat lekutan degradatuta zeuden inguruak antzeko materialekin berreskuratu dituzte, herritarren erabilerarako. Larunbatean 10:30ean Osinbeltzera bisita egingo dute, harrobia barrutik ezagutzeko. Ibilaldian haren historiaz eta egoeraz ariko dira, herritarren iritzia jasotzeko. Era berean, bilerak egingo dituzte datozen asteetan, bi txandatan banatuta. Fink bera bileretan egongo dela baieztatu dute, «herritarrekin batera harrobi berri bat irudikatu eta diseinatzen laguntzeko». Hain zuzen, maiatzaren 5ean amaituko da lehenengo fasea, eta orduan landutako guztia aurkeztu eta harrobia berreskuratzeko planteamendua aurkeztuko du honek. Arte plastikoei buruzko erakusketa bat ere egingo du tarte horretan. «Ondo pentsatzeko gaia» Lehenengo fasea amaituta, irailetik azarora herritarrei informazioa emateko eta beraiekin eztabaidatzeko fasea egingo dute, eta azkenik, hondakin geldoen biltegiaren proiektuarekin aurrera egin edo ez erabakitzeko herri galdeketa egingo dute, azaroan. «Zestoarrok aukeratuko dugu proposatutako egitasmoa onartuko dugun edo ez, eta nola berreskuratu nahi dugun harrobia eta nolako erabilera eman nahi diogun. Zestoarrok aukeratuko dugu etorkizuna», berretsi du Etxeberriak. Hain zuzen, udalaren ardura «herritarren interesak defendatzea» dela azpimarratu du, «alderdien interesen gainetik». Hala azpimarratu du: «Ez dugu edozer inartuko. Materialak inolako arriskurik gabea izan beharko du, eta hori ziurtatzeko berme eta kontrol neurri guztiak eskatuko ditugu». Etxeberriak onartu du, aldundiak Osinbeltzen hondakin geldoen biltegia egiteko asmoa azaldu zuenetik, herritarren artean «kezkak eta beldurrak» agertu direla, «usainen, kutsaduraren eta balizko arriskuen inguruan». Udal gobernuak ere «kezka horietako askorekin bat» egiten duela dio, baina aukera ona deritzo biltegia Osinbeltzen kokatzeari, hainbat arrazoirengatik: «Harrobia hamabost urtetan berreskuratu ahalko dugu, herrira aberastasuna ekarriko luke, eta errauste plantarik gabeko gizarte osasuntsua eraikitzen lagunduko genuke». Dena den, gaia «ondo pentsatzekoa» dela.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide