Olatz Estensoro, Leire Etxeberria eta Agurtzane Loidi, gaur, aurkezpenean (Ane Olaizola)
"Osinbeltz harrobiaren eta Zestoaren etorkizuna" erabakitzeko, parte hartze prozesua hasiko dute ostegunean, Leire Etxeberria Zestoako alkateak, Miren Arbelaitz Gipuzkoako Foru Aldundiko partaidetza teknikariak eta Olatz Estensoro Nola Kooperatibako kideak eskainiko duten aurkezpen hitzaldiarekin. Herritarrak informatu, eztabaidatu eta biltegiaz bozkatu dezaten, martxotik azarora bitartean hainbat ekintza egingo dituzte, hiru fasetan banatuta, eta lehenengoaren aurkezpena egin dute eguerdian Etxeberriak eta Agurtzane Loidi Nola Kooperatibako kideak.
Loidiren arabera, prozesuarekin erabakiak "modu kolektiboan" hartu nahi dituzte; besteak beste, herritarrek, teknikoki landu behar den berreskurapen proiektua erakundeekin eraikiko dute, zestoarren beharrak eta lehentasunezko proiektuak identifikatu dituzte eta aldundiarekin eta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioarekin egingo duten hitzarmenaren irizpideak landuko dituzte. Hori guztia lehenengo fasean egingo dute, maiatzera bitartean.
Ostegunean hasiko dute prozesua, hitzaldiarekin. 19:00etan, kultur etxean, gaia azaldu, eta herritarrek kezkak adierazteko aukera izango dute. Era berean, Peter Fink hirigintza-artistaren
Green Urbanism (Hirigintza Berdea) proiektua azalduko dute. Proiektuaren bidez, Europako hainbat lekutan degradatuta zeuden inguruak antzeko materialekin berreskuratu dituzte, herritarren erabilerarako. Etxeberriaren arabera, Fink ez da aurkezpenean izango, baina berak grabatutako bideo bat emango dute.
Larunbatean, berriz, Osinbeltzera bisita egingo dute, harrobia barrutik ezagutzeko. Ibilaldia egin, eta haren historia eta egoera jakingo dute, herritarren iritzia jasotzeko. Era berean, bilerak egingo dituzte datozen asteetan, auzoka banatuta. Bi txandatan egingo dituzte bilerak, euskaraz eta gazteleraz. Herrigunean, gainera, eguerditan ere izango dira bilerak, arratsaldetan joan ezin dutenentzat. Ostegunean egongo ez bada ere, Fink bileretan egongo dela baieztatu dute, "herritarrekin batera harrobi berri bat imajinatu eta diseinatzen laguntzeko". Hain zuzen, maiatzaren 5ean amaituko da lehenengo fasea, eta orduan landutako guztia aurkeztu eta harrobia berreskuratzeko planteamendua aurkeztuko du Finkek. Horrez gain, arte plastikoei buruzko erakusketa bat ere egingo dutela adierazi dute.
Lehenengo fasea amaituta, irailetik azarora herritarren artean informazioa emateko eta eztabaidatzeko fasea egingo dute, eta azkenik, hondakin geldoen biltegiaren proiektuarekin aurrera egin edo ez erabakitzeko herri galdeketa egingo dute azaroan. "Zestoarrok aukeratuko dugu proposatutako egitasmoa onartuko dugun edo ez. Zestoarrok aukeratuko dugu nola berreskuratu nahi dugun harrobia eta nolako erabilera eman nahi diogun. Zestoarrok aukeratuko dugu etorkizuna", berretsi du Etxeberriak. Hain zuzen, udalaren ardura "herritarren interesak defendatzea" dela azpimarratu du udalak, "alderdien interesen gainetik". "Ez dugu edozer inartuko. Materialak inolako arriskurik gabea izan beharko du, eta hori ziurtatzeko berme eta kontrol neurri guztiak exijituko ditugu".
Izan ere, Etxeberriak onartu du, aldundiak Osinbeltzen hondakin geldoen biltegia egiteko asmoa azaldu zuenetik, herritarren artean "kezkak eta beldurrak" agertu direla, "usainen, kutsaduraren eta balizko arriskuen inguruan". Udal Gobernuak ere "kezka horietako asko" badituela aitortu du, baina aukera ona deritzo biltegia Osinbeltzen kokatzea, honako arrazoiengatik: "Harrobia hamabost urtetan berreskuratu ahalko dugu, herrira aberastasuna ekarriko duke, eta erraustegirik gabeko gizarte osasuntsua eraikitzen lagunduko genuke". Dena den, "ondo pentsatzeko" gaia dela azpimarratu dute, eta horregatik herritarrek "informazio zabala eta gardena" jaso behar dute; "ikuspuntu askotakoa, erabaki arrazionala eta arduratsua hartu ahal izateko".