Zestoako kobazuloaren museoko sarrera erdi prezioan aurkituko dute bisitariek egun osoan. Margotzen, ehizean eta sua egiten irakatsiko dute eta lehiaketa bat egingo dute
Lurpea taldearen ekimenez, Kobazuloen VI. Eguna ospatuko dute igandean Zestoako Ekainberrin eta Euskal Herriko beste zazpi kobatan. Ekainberrirekin batera, 2008an sortutako Lurpea elkartea osatzen dute Arrikrutz-Oñatiko kobak, Isturitz-Oxozelhaya kobak, Mendukiloko kobak, Pozalaguako kobak, Sarako leizeak, Sorginen Kobak (Zugarramurdi) eta Urdazubiko leizeak, eta haietan ekintza bereziak egingo dituzte egun horretan, bisitariei «seigarren kontinentea» delakoa ezagutzeko aukera emateko helburuarekin.«Balio historiko zein natural handiko leku hauetan, gizakiaren iraganaren arrasto garrantzitsuak mantendu dira, eta zenbait kasutan, berauen hormek oraindik hitz egiten digute kondaira eta mitoei loturiko errito herrikoiez», esan dute antolatzaileek. Ondare hori bertatik bertara ezagutzeko, beraz, Kobazuloen Egunean erdi prezioan jarriko dituzte sarrerak, eta Etxarri Larraunen dagoen Ongi Etorri etxean asteburu bat pasatzeko egonaldia eta zortzi kobazuloetara sartzeko bono bat ere zozkatuko dituzte.
Ekainberrin, bisita gidatuen bidez erakutsiko dute kobazuloan bizi ziren gizakien bizimoduan kobak nola eragiten zuen, eta Ekain Abenturan, Paleolitoko gizakien bizimodua erakutsiko dute, eta bizirauteko beharrezkoak zituzten sua egiten, pintatzen eta ehizatzen ikasiko dute bisitariek, kanpoaldeko zirkuitu batean. Horrez gain, Historiaurrea ziztu bizian lehiaketa egingo dute; honen bidez, Ekainberrira joaten direnei historiaurrean bizirauteko beharrezkoak ziren hiru teknikak menperatzea eskatuko diete; hala, sua egiten, ehizatzen eta pintatzen azkarrena den bisitariari Ekainberriko sari sorta bat oparituko diete. «Sua egiten azkarra bazara, ehizatzen iaioa eta pintatzen artista, hau duzu erakusteko aukerarik onena», animatu dituzte herritarrak.
Koben eguna baino lehen, Ekainberrin beste hainbat ekintza ere izan dituzte asteburuan. Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako Jolastera? Museora! egitasmoaren bidez, Apaindu zure historiaurrea! tailerra egin dute umeekin. Gainera, igandean egingo duten bezala, sarrera ere erdi prezioan izan dute bisitariek.