Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Lurpea taldearen ekimenez, Kobazuloen VI. Eguna ospatuko dute martxoaren 15ean Zestoako Ekainberrin eta Euskal Herriko beste zazpi kobetan. Ekainberrirekin batera, Arrikrutz-Oñatiko kobak, Ekainberrik, Isturitz-Oxozelhaya kobak, Mendukiloko kobak, Pozalaguako kobak, Sarako Leizeak, Sorginen Kobak (Zugarramurdi) eta Urdazubiko leizeak osatzen dute 2008an sortutako Lurpea elkartea, eta haietan ekintza bereziak egingo dituzte egun horretan, bisitariei "seigarren kontinentea" delakoa ezagutzeko aukera emateko asmoz.
"Balio historiko zein natural handiko leku hauetan, gizakiaren iraganaren arrasto garrantzitsuak mantendu dira, eta zenbait kasutan, berauen hormak oraindik kondaira eta mitoei loturiko errito herrikoiez hitz egiten digute", esan dute antolatzaileek. Bertatik bertara ezagutzeko, Kobazuloen Egunean erdi-prezioan jarriko dituzte sarrerak, eta Etxarri Larraunen dagoen Ongi Etorri etxean asteburu bat pasatzeko egonaldia eta zortzi kobazuloetara sartzeko bono bat zozkatuko dituzte.
Ekainberrin, bisita gidatuen bidez kobazuloak bizi ziren gizakiak eta euren bizimoduan nola eragiten zuen erakutsiko dute. eta beraien bizimoduan nola eragiten zuten erakutsiko da. Horrez gain, Historiaurrea ziztu bizian lehiaketa egingo dute; honen bidez, Ekainberrira joaten direnei historiaurrean bizirauteko beharrezkoak ziren hiru teknikak menperatzea eskatuko diete; hala, sua egiten, ehizatzen eta pintatzen azkarrena den bisitariari Ekainberriko sari sorta oparituko diete.
Kobazuloen VI. Egunaren informazio osoa www.lurpea.eus webgunean tolatu daiteke.