«Jendeak jakin behar du zer ari den bozkatzen»

Nerea Uranga 2015eko martxoaren 6a

Zestoarrei Osinbeltzeko proiektuari buruzko azalpenak emateko, atariz atari ari da bilerak egiten Ainhoa Intxaurrandieta.Osinbeltzen egin asmo duten biltegiaren proiektua aurkeztu zutenetik ari dira Zestoan horren inguruko informazioa zabaltzen. Herrit...

Zestoarrei Osinbeltzeko proiektuari buruzko azalpenak emateko, atariz atari ari da bilerak egiten Ainhoa Intxaurrandieta.

Osinbeltzen egin asmo duten biltegiaren proiektua aurkeztu zutenetik ari dira Zestoan horren inguruko informazioa zabaltzen. Herritarrekin egindako bilera zabaletan parte hartu du eta auzotarrekin eta Zestoako hondakinen bulegoan ere egon izan da zalantzak argitzeko Ainhoa Intxaurrandieta (Lezo, Gipuzkoa, 1973) Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko lehendakaria. Orain, gainera, Osinbeltzen egin daitekeen biltegiaz informatzeko atariz atari ari da biltzen zestoarrekin.

Atariz atari bilerak egiten ari zara. Noiz hasi zinen horretan?

Otsailaren 11n hasi ginen atariz atari bilerak egiten.

Zergatik hasi zineten Zestoan atariz atari bizilagunekin biltzen?

Herri galdeketa bat egingo dute azaroan Zestoan, eta ikusten genuen herrian eta herritarren artean desinformazio ikaragarria zegoela. Orduan, iruditu zitzaigun, agian, jendeak ez zituela galdetzen zalantzak batzar zabaletan, 200 edo 300 pertsonako bileretan. Herritar gehienak isilik egoten dira, baina euren zalantza horiekin joan daitezke etxera. Hori dela-eta, iruditu zitzaigun, beharrezkoa zela bertakoekin aurrez aurre hitz egitera jaistea herrira. Atariz atariko bilerak egitea era egokia iruditu zitzaigun; jendea bere etxepean dago, bere bizilagunekin, eta beste konfiantza batekin egiten ditu galderak. Gainera, kasu batzuetan haserreak ere errazago ateratzen dira, eta hori ona da.

Nolakoak dira bilerak?

Atari bakoitzean bi edo hiru etxepeetako bizilagunak biltzen ditugu. Atari batean egiten da hitzordua. Horietara panel batzuekin noa, eta panel horiek erakusten dizkiet proiektua azaltzeko, hasieratik bukaeraraino, Zubietatik Osinbeltz arte. Gero, herritarren zalantzak eta kezkak argitzen ere saiatzen naiz. Herritarrak ez daude ohituta erakun- deen gardentasunera, arraroa da gu atariraino joatea, baina horrek konfiantza puntua ematen diote. Gertatu izan zait emakume batek barruko aulkiak atera, eta hantxe kanpoan etxekoekin hizketan egotea. Uste dut informazioa baino desinformazio gehiago dagoela kalean; eta, galdeketa baino lehen, aldeko eta kontrako iritzi denak atera behar dira, herritarrek hauta dezaten.

Bederatzi bilera egin dituzue. Zein da balorazioa?

Oso positiboa. Egoera desberdinak daude, beldurrak; batzuek hasieratik ezezkoa dute buruan, baina haiekin hitz egitea ere baliagarria izan da. Gainera, nire azalpena ez da teknikoa, edonork uler dezake. Jendeak proiektua ulertzen duenean beste ikuspegi bat izaten du.

Zein izan dira herritarren kezka nagusiak?

Hasieran, kezkatuta egon ohi dira gertutasunak sor ditzakeen arazoekin: materialak usainduko duen edo ez, kutsaduraren beldurrak eta abar. Behin azalpenak eman ostean, ordea, beste gauza batzuetan pentsatu ohi dute: ingurunea berreskuratzeko moduetan, Osinbeltzen egungo egoera desegokian...

Bilerekin jarraitzeko asmoa duzue. Zenbat dituzue aurreikusita galdeketa aurretik?

Zehazteko dago hori. Orain martxoko bilerak prestatzen ari naiz. Udalaren bidez komunikatzen zaie herritarrei zein ataritan egongo naizen, bandoa jarrita. Horrela jakiten dute zer egun eta ordutan joango naizen.

Ahalegin handia da horrenbeste bilera egitea zuentzat?

Bai, baina iruditzen zait beharrezkoa dela; izan ere, jendeak jakin behar du zer ari den bozkatzen. Modu praktikoena da gu beraiengana gerturatzea, haiek ingurune naturalean senti daitezen. Herritarrek oso balorazio ona egin dute, eta horrekin gustura gaude gu.

Noiz arte luza daitezke bilerak?

Herritar denengana iristeko, bi hilabetez luza daitezkeela aurreikusten dugu. Gero, auzoetara joatea ere nahi genuke: Aizarnara, Arroara...

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide