Gaur energia kontsumoari buruzko jardunaldi bat hasiko da Zestoan

Eneritz Albizu Lizaso 2015eko martxoaren 4a

Sei ekitaldi antolatu ditu Katamarrua Natur Taldeak, martxoan zehar. Zikloaren helburua da herritarrek ikustea beraien esku dagoela energia kontsumoa kudeatzea.Zer energia kontsumitzen dugu? lelopean, energiaren inguruko hitzaldi eta film emanaldi zikl...

Sei ekitaldi antolatu ditu Katamarrua Natur Taldeak, martxoan zehar. Zikloaren helburua da herritarrek ikustea beraien esku dagoela energia kontsumoa kudeatzea.

Zer energia kontsumitzen dugu? lelopean, energiaren inguruko hitzaldi eta film emanaldi ziklo bat antolatu du Katamarrua Natur Taldeak Zestoan. Jardumaldi hori gaur hasiko da, Euskal Herriko energia egoera eta burujabetza izeneko solasaldiarekin, 19:00etan Kultur Etxean. Gaurkoaz gain, beste bost saio antolatu dituzte, eta martxoan zehar egingo dituzte ekitaldiak.

Energia subiranotasunaren inguruan informazioa eskaintzea da Katamarruaren xedea hitzaldiekin; izan ere, herritarrak hausnarketara bideratzeko beharrezkotzat ikusten dute formazioa eskaintzea, Lierni Arrieta taldeko kideak azaldu duenez. «Energia kontsumoa oso urrun dagoen zerbait bezala ikusten dute herritarrek, eta uste dute ez dagoela beraien esku hori kudeatzea», azaldu du Arrietak. Beraz, ziklo horrekin erakutsi nahi dute herritarrek ere izan dezaketeela esku-hartzea energiaren inguruko erabakietan.

Horretarako, saio praktikoak antolatzen saiatu da Zestoako taldea. Arrietaren arabera, lehen bi hitzaldiak gaiaren testuingurua ezagutzeko edo, nolabait, energia burujabetzaren arloan kokatzeko izango dira. Gainontzeko hitzaldietan aholkuak emango dituzte, herritar guztientzat. Besteak beste, Iberdrolaren alternatibak azalduko dituzte, eta energiaren kontsumoa jaisteko zenbait gomendio ere emango dituzte adituek.

Piztu eta Elkar-ekin taldeen laguntzarekin antolatu dituzte ekitaldiak Katamarruako kideek. Haiek proposamenak egin zituzten, eta zestoarrek antolatu dute egitaraua.

Hitzaldiak ordu eta toki berean izango dira beti, Kultur Etxean, 19:00etan. Hala ere, saioetako bat Aizarnan antolatu dutela jakinarazi dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide