Azpeitiko cricket taldeko kideak (E. Albizu Lizaso)
Azpeitiko Cricket Taldea aurkeztu dute Azpeitiko, Zestoako eta Aizarnazabalgo hamabost herritarrek. Orain dela zortzi urte hasi ziren cricketean jokatzen, baina gaur aurkeztu dute taldea eta ekipazioa. Ali Hussain taldeko kideak azaldu duenez, udan txapelketak jokatzen dituzte inguruko herrien kontra; besteak beste, Azkoitiko, Arrasateko edo Bergarako taldeak izaten dituzte aurkari gisa. Urtean zehar partida gutxi izaten badituzte ere, beraiek larunbatero eta igandero entrenatzen dute, eguraldi ona eginez gero. Goenako futbol zelaia dute cricket taldeko kideek kirola egiteko, baina adierazi dute "konponketak" behar dituela: "Leku onean dago zelaia, eta gustura gaude. Hala ere, ondo joka dezagun, beharrezkoa da zelaia berdintzea".
Pakistanen sortuak dira taldea aurkeztu duten herritarrak, eta esan dute cricketa "txiki-txikitatik" ikasi duten kirola dela, horregatik dute horrelako zaletasuna. Hala ere, beraiek irekita daude herritarrei kirola erakustera, eta horretarako aukera dute Azpeitiko, Zestoako eta Aizarnazabalgo bizilagunek.