Zestoarren altxorra ezagutzen

Eneritz Albizu Lizaso 2015eko martxoaren 3a

Zestoa Ikertzen egitasmoa martxa da Herri Ikastetxean. Zestoako ondare historikoa eta kulturala ezagutarazi diete gaztetxoei saio teorikoen eta praktikoen bidez, modu jostagarrian.Zestoa Ikertzen programa didaktikoa martxan jarri dute Zestoako Udaleko ...

Zestoa Ikertzen egitasmoa martxa da Herri Ikastetxean. Zestoako ondare historikoa eta kulturala ezagutarazi diete gaztetxoei saio teorikoen eta praktikoen bidez, modu jostagarrian.

Zestoa Ikertzen programa didaktikoa martxan jarri dute Zestoako Udaleko Kultura Sailak, Ekainberriko didaktika lantaldeak eta Zestoako Herri Ikastetxeak. Haiekin lanean ari dira auzoetako eskolak ere, hau da, Arroa Beheko Eskola eta Aizarnako Herri Ikastetxea. Hezkuntza egitasmoaren helburua da Zestoako ikasleek herriko ondare historikoa, kulturala eta artistikoa ezagutzea, modu arin eta dinamiko batean. Horretarako, bi programa jarri dituzte martxan, Erdi Aroa eta Historiaurrea ezagutzeko. Bi ziklotako ikasleek jaso dute formazioa, hots, lau adin-tarteetako gaztetxoek: 9 eta 10 urtekoek, batetik; eta 11 eta 12 urtekoek, bestetik. Proiektuaren sustatzaileek, beraz, lau urte irauten duen programa osatu dute oraingoz, baina «epe luzeko» proiektua nahi dute garatu.

Ikasleentzat egokituta

Juanjo Aranburu Ekainberriko didaktika lantaldeko kideak azaldu du ikasleen errealitatera gerturatu nahi izan dutela Zestoako ondarea eta bere historia. «Ikastetxeek ere bazuten interes hori, eta udalak ere bai. Helburu partekatua izanda, bildu egin ginen hori aurrera nola eraman erabakitzeko», gehitu du. Horrenbestez, gizakia sortu zenetik gaur arte igarotako historia jaso nahi izan dute. «Zestoarrek beraien ondarea benetan beraiena dela sentitzea nahi dugu, ikasle eta herritar bezala», adierazi du Leire Etxeberria Zestoako alkateak. Ekainberriko ordezkariek ere bat egin dute Etxeberriarekin; izan ere, «oinarrizkoa» iruditzen zaie Ekainberri eta Lilik lotura estua izatea Zestoa eta zestoarrekin.

Zestoako Herri Ikastetxean egin dituzte saioak dagoeneko, eta auzoetan lanean ari dira. Gaztetxoenekin, Zestoako hiribildua sortu zenetik XVIII. mendea bitarteko historia landu dute, Lili Jauregia ardatz hartuta. Lilitarren maizter egun batez jarri diote izena proiektuari, eta 69 ikaslek hartu dute parte.

Bestalde, 11 eta 12 urtekoekin, duela 13.000 eta 14.000 urteko gizakien bizimodua aztertu dute, Ekainberri erreplika oinarrian dutela. Ekaingo haitzuloa eta labar artea beraien testuinguruan landu dituzte 60 ikaslek, Ekain eta Ekainberri: historiaurrera bidaia egitasmoarekin. Saio horiek otsaileko lehen bi asteetan egin dituzte.

Metodologiari dagokionez, talde txikietan landu dituzte unitateak, eta Ekainberri eta Lili Jauregia ere «familian» bisitatu dituzte. «Aukera hori eskaintzen dute Ekainberrik eta Lili Jauregiak; zerbitzu goxoa da, eta aprobetxatu egin behar dugu, hori baita egokiena eskolako haurrentzat», esan du alkateak. Liliren kasuan, gainera, herriko antzerki talde batek gidatzen du bisita, eta Etxeberriarentzat, hori ere «oso puntu positiboa» da.

Behin eta berriz esan izan dute historialariek gertukoa gutxiesteko joera duela gizakiak, eta hala uste dute egitasmoa prestatu duten langileek ere. «Askotan hurbilen ditugun gauzak ez ditugu ezagutzen», esan du Aitziber Gorrotxategi hezitzaileak. Hori dela-eta, Ekainberri eta Lili Jauregiaz gain, herriko beste txoko batzuk ere landu dituzte. Proiektuan lanean ari direnek ondarearen transmisioa bermatzea nahi lukete, eta haurrek saio horietan ikasitakoa familiakoei eta herriari ezagutaraztea.

Itxura denez, bide onetik doaz hezitzaileak, ikasleek interesa erakutsi baitute ikasgelan eta kalean. Momentu hauetan balorazioak egiten ari dira, proiektuak izandako harrera neurtu eta ekarpenak jasotzeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide