'Euskal Bidea' ekitaldira joateko autobus txartelak eskuratzeko tabernak, herriz herri

Urola Kostako Hitza 2015eko martxoaren 2a

EH Bilduk Euskal Bidea ekitaldia egingo du larunbatean, martxoaren 7an, Bilboko BEC antzokian, eta hara joateko autobusak jarri dituzte tokian tokiko taldeek. Azkoititik, Azpeititik, Getariatik, Errezildik, Zarauztik, Zestoatik eta Zumaiatik joango dira autobusak Bilbora, eta honako tabernetan eros daitezke txartelak:
  • Azkoitia: Zakela eta Etxe-haitz.
  • Azpeitia: Zuhatz, Orkatz eta Jim Clark.
  • Errezil: Erniope eta Errezilgo denda.
  • Getaria: Harralde eta Harritarte.
  • Zestoa: Uztapide, Koiote eta Fati.
  • Zarautz: Eguzki eta Arrano.
  • Zumaia: Inpernupe eta Alkartetxea,
EH Bilduk "euskal gizartearen sektore guztiei" dei egin die larunbateko ekitaldira joateko. Izan ere, euskal herritarrak "protagonista" diren bideari nahi diote "mugarri garrantzitsua" jarri BEC-en. "Herritarren borondatearen garaia da. Urola erdiko herritarrok ere, arlo guztietan erabakitzeko eskubidea bermatua izatea nahi dugu. Hori ardatz hartuta, herrigintzatik naziogintza elikatu nahi dugu, Euskal Bidean urratsak emanez Euskal Herri independiente eta burujabe baten alde", nabarmendu dute. Honakoa da koalizioak eginiko irakurketa:

"Datorren larunbatean Euskal Herrian aro politiko berri bati hasiera emango zaio. Ehunka pertsona BECen bilduko gara Euskal Bidea aldarrikatzeko; hau da, herri hau bere buruaren jabe izateko hartu behar dugun bidea ibiltzen hasiko gara datorren larunbatean. Euskal Herria gure herria da eta ez du inolako etorkizunik Espainiar edo Frantziar estatuen menpean. Alternatiba bakarra, berme bakarra, Euskal Herriko gizartea erabakitzeko subjektu politikoa bihurtuko duen estruktura eraikitzetik eratorriko da.

Irtenbidea erraza da, printzipio demokratiko erraz batean oinarritzen da gainera: euskal gizartearen nahia errespetatu behar da. Euskal Herrian Euskal Herriarentzako politikak erabakiko ditugu. Politika guztiak: enplegua sortzekoak, gizarte zerbitzuetakoak, euskarari buruzkoak, kultur sorkuntzarekin erlazionaturik daudenak, ingurumenekoak... Guztiak.

Aldebakartasunaren bidetik egingo dugu. Kontzeptu horrek esan nahi du ez dugula inongo betorik onartuko, ez garela inoren esperoan egongo eta guztion artean erabakiko dugula, presiorik gabe, lurraldetasuna errespetatuz eta Euskal Herriko errealitate ezberdinen lan erritmo eta beharrak errespetatuz. Konponbidea ez da ez Madriletik ezta Parisetik etorriko, ez subiranotasunaren gaian ez beste edozein arloetan ere.

Nazio eraikuntza gizarte eraikuntzarekin lotuta dago, ezbairik gabe. Horregatik, subiranotasuna eskubide sozialak bermatuko dituen justizia sozialarekin batera joango da. Horrek, noski, kudeaketa eredu bat eskatzen du: ustelkeria baztertzen duena besteak beste; egungo sistema politikoaren gaitz horrekin bukatuko duena.

Horregatik gizarte osoa gonbidatu nahi dugu datorren martxoaren 7an BECeko ekitaldira etor dadin guztion artean ideia oso xinple eta demokratikoa adierazteko: Euskal Herriari buruz erabakiak hartuko dituen agente bakarra Euskal Herria izango da".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide