Gutxienez zortzi animaliren irudi grabatuak aurkitu dituzte Azpeitiko Antxieta arkeologi taldekoek Ekaingotik gertu dagoen Zestoako haitzuloan: zaldiak, uroak eta oreinak.
Azpeitiko Antxieta arkeologi elkarteko kideek beste aurkikuntza garrantzitsu bat egin dutela jakinarazi dute, Zestoako Danbolinzuloko aurkikuntza eta hilabetera. Oraingoan ere Zestoan egin dituzte, Erlaitz leizean. Labar Arte Paleolitoko grabatuak izan dira oraingoak; gutxienez, zortzi animaliren grabatuak baieztatu dituzte, zaldi, uro eta oreinenak. Era berean, animalien beste irudi batzuen «zantzuak» ere ikus daitezkeela gaineratu dute Ikerne Badiola Kultura, Gazteria eta Kirol diputa- tuak, Maider Zubikarai Debako alkateak, Leire Etxeberria Zestoako alkateak eta Alvaro Arrizabalaga Aranzadiko kide eta EHUko irakasleak atzo egindako agerraldian.Haien esanetan, aurkikuntza oso garrantzitsua da Erlaitzen egin dutena. Grabatuen garaiari dagokionez, ez daude ziur noizkoak diren zehazteko orduan, baina orain 22.000 eta 15.000 urte bitartean kokatzen direla adierazi dute. Atera duten ondorioa da, Erlaitz haitzuloa, kronologikoki inguruan dituen Danbolinzuloko (zaharrena) eta Ekaingo (berriena) kobazuloen artean kokatuko litzatekeela.
Animalien grabatuak ez ezik, aurkitu duten material arkeologikoa ere nabarmendu dute. Haien arabera, haitzuloa bi garai desberdinetan erabili zen: Goi Paleolitoan bizileku bezala erabiltzen zuten, eta Brontze Garaian ehortz-leku moduan. Hori hala, Erlaitzko grabatuak Danbolinzuloko ondarea baino berriagoak dira, eta Ekaingoak baino zaharragoak.
Joan zen hilera arte, Ekaingo margoak bakarrik ezagutzen ziren Zestoan, baina urtarrilean Danbolinzulon Paleolito garaiko margoak aurkitu zituzten Antxietakoek. Aldundiaren arabera, aurkikuntza horiek egin eta gero, «aurrez ezagutzen ziren beste kobazuloetan berriro begiratzeko grina piztu zitzaien Antxietako lagunei, eta horren ondorio da aurkikuntza garrantzitsu hau».
Informazio zientifiko bila
Erlaitz kobazuloa Azpeitiko Antxieta Arkeologi Taldekoen eskutik 1978. urtetik da ezaguna, orduan paleolito eta paleolito ondorengo materialak berreskuratu baitzituzten handik. Erlaitzko barrunbea Ekainekotik oso gertu dago, Zestoa eta Debako udalerrien mugatik bertan.
Oraingo honetan, Danbolinzuloko aurkikuntza egin eta berriro itzuli ziren Antxietakoak Erlaitzera. Han, oso sarbide zaila duen harrizko panel baten gainean animalia irudiak grabatuta aurkitu zituzten. Gero, hil honen aurreneko egunean, Antxietakoak Euskal Herriko Unibertsitateko Historiaurreko Taldeko eta Ikerbasque Fundazioko kide diren Alvaro Arrizabalagarekin, Marcos Garcia Diezekin eta Maria Jose Iriarterekin haitzulora joan ziren. Orduan, benetan aurkikuntza historiaurrekoa zela egiaztatu zuten. Segidan, ondo zainduta egoteko eta bertan dagoen ondarea behar bezala aztertzeko, Gipuzkoako Fou Aldundiak kobazuloa itxi egin du.
Adituek uste dutenez, Erlaitzek informazio zientifiko asko eman dezake Goi Paleolitoko lehenengo giza talde ehiztari-biltzaileaz, haien adierazpen grafikoei eta sinbolikoei buruz ez baita asko ezagutzen gaur egun. Hori guztia ikertzeko asmotan, Gipuzkoako Foru Aldundia Euskal Herriko Unibertsitatearekin batera proiektu bat diseinatzen ari da.
Ekain Fundazioaz
Azken bilaketek «paisaia kultural berria» utzi dute herrian agerian Badiolarentzat: «Erlaitzen egindako aurkikuntzak garbi uzten du Deba, Zestoa, Sastarraingo bailara osoa eta ingurua, aberatsa dela labar artean eta orain arte izan dugun ikuspegia gainditu, eta begirada zabalago bat izan behar dugula. Orain arte Ekain haitzuloa bakarrik ezagutzen genuen, eta orain, Danbolinzulo eta Erlaitz batu dira. Baina, ez dira inguruan dauden bakarrak, Praileaitz eta Astigarraga kobazuloak ere bertan daude. Gauzak horrela, modu bateratu batean lan egiteko beharra agerian gelditzen da. Orain arte Ekain Fundazioak kudeatu du ingurua Ekainberri erreplika erreferentzia hartuta. Sei urte pasa dira sortu zenetik, osasuntsu dago fundazioa, baina muga berriak jartzeko ordua izan daiteke».