Uro baten burua, Erlaitz haitzuloan
(Gipuzkoako Foru Aldundia)
Azpeitiko Antxieta elkarteko kideek beste aurkikuntza garrantzitsu bat egin dutela jakinarazi dute, Zestoako Danbolinzulon egindako aurkikuntzak eta hilabetera. Oraingoan ere Zestoan egin dituzte, Erlaitz lezean. Labar Arte Paleolitoko grabatuak izan dira orain topatu dituztenak; gutxienez, zortzi animaliren grabatuak baieztatu dituzte, zaldi, uro eta oreinenak. Era berean, animalien beste irudi batzuen "zantzuak" ere ikus daitezkeela gaineratu dute Ikerne Badiola Kultura, Gazteria eta Kirol diputatuak, Maider Zubikarai Debako alkateak, Leire Etxeberria Zestoako alkateak eta Alvaro Arrizabalga Aranzadiko kide eta EHUko irakasleak gaur egin duten agerraldian.
Haien esanetan, aurkikuntza "oso garrantzitsua" da Erlaitzen egin dutena. Grabatuen garaiari dagokionez, ez daude ziur noizkoak diren zehazterako orduan, baina 22.000 eta 15.000 urte bitartean kokatzen direla adierazi dute. Animalien grabatuak ez ezik, aurkitu duten material arkeologikoa ere azpimarratu dute. Haien arabera, haitzuloa bi garai desberdinetan erabili zen: Goi Paleolitoan bizileku bezala erabiltzen zuten, eta Brontze Garaian ehortz-leku moduan. Hori hala, Erlaitzko grabatuak Danbolinzuloko ondarea baino berriagoak dira, eta Ekain baino zaharragoak.
Joan zen hilera arte, Ekaingo margoak bakarrik ezagutzen ziren Zestoan, baina urtarrilean Danbolinzulon Paleolito garaiko margoak aurkitu zituzten Antxietakoek. Aldundiaren arabera, aurkikuntza horiek egin eta gero "aurrez ezagutzen ziren beste kobazuloetan berriro begiratzeko grina piztu ditzaien Antxietako lagunei, eta horren ondorio da aurkikuntza garrantzitsu hau". Hori hala, azken bilaketek "paisaia kultural berria" utzi dute herrian agerian, Badiolak adierazi duenez: "Erlaitzen egindako aurkikuntzak garbi uzten du Deba, Zestoa,… Sastarraingo bailara osoa eta ingurua, aberatsa dela labar artean eta orain arte izan dugun ikuspegia gainditu, eta begirada zabalago bat izan behar dugula. Paisaia Kulturala erabat aldatu da, orain arte bakarrik ezagutzen genuen Ekain haitzuloari, Danbolinzulo eta orain Erlaitz batu zaie. Baina ez dira inguruan dauden bakarrak, Praileaitz eta Astigarraga kobazuloak ere bertan daude. Gauzak horrela modu bateratu batean lan egiteko beharra agerian gelditzen da. Orain arte Ekain Fundazioak kudeatu du ingurua Ekainberri erreplika erreferentzia hartuta. Sei urte pasa dira sortu zenetik, osasuntsu dago fundazioa, baina muga berriak jartzeko ordua izan daiteke".