Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Zestoako Osinbeltz harrobian hondakin geldoen biltegia egin ala ez informatu, eztabaidatu eta erabakitzeko parte hartze prozesua hasiko dute datozen asteetan, eta horretarako programa bat diseinatu dute Zestoako Udaleko, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko teknikariek eta politikariek. Behin-behineko plangintza aurkeztu diete Gipuzkoako Batzar Nagusiei, Zestoako Udaleko Bildu eta EAJko ordezkariei eta jarraipen batzordeari, eta haien ekarpenak jasota, bihar azken bilera egingo dute programa diseinatu duten hiru erakundeek. Orduan jakinaraziko dute behin-behineko plangintza zehatza, eta herritarrek euren ekarpenak egiteko aukera izango dute. Bien bitartean, ordea, aurreratu dute herri galdeketa hurrengo legealdian egingo dutela. Hain zuzen, azaroa eta abendua artean egitea proposatu dute.
Leire Etxeberria Zestoako alkateak adierazi duenez, diseinatu duten parte hartze prozesuak lau fase izango ditu. Lehenengoa martxotik maiatzera bitartean egingo dute, eta orduan herritarrei informazioa emango diete. Proiektuaren lehentasunak eta biltegiak bermeak izan ditzan zer hitzarmen egin ere zehaztuko dute. Era berean, lehentasunezko proiektua osatuko dute herritarrekin. Hau da, hondakin geldoen biltegiarekin Zestoako Udalak handik jasoko lituzkeen diru sarrerak zertara bideratu ere adostuko dute lehen fasean. Bigarren fasean, irailetik azarora bitartean, berriz, eztabaidak egingo dituzte alde batekoek eta bestekoek. Hirugarrenean, azaro eta abendu artean, herri galdeketa egin asmo dute, eta erantzunekin, laugarren fasean, haren balorazioa egin eta ondorioak aztertuko dituzte.
Gipuzkoako Batzar Nagusietan joan zen astean jakinarazi zuten plangintza, eta herenegun udaleko Bildu eta EAJri aurkeztu zieten. Atzo arratsaldean, berriz, jarraipen batzordean azaldu zieten proiektua. Horien ekarpenak jasota, udaleko, aldundiko eta GHK-ko teknikariek eta politikariek bihar egingo dute azken bilera, eta orduan osatuko dute behin-behineko proiektua, eta orduan jakinaraziko dituzte zehaztapen guztiak. Hori hala, alkatearen arabera, diseinatutako plangintza «moldagarria» izango da, eta herritarrek ekarpenak egiteko tarte bat zabalduko dute.
Nora enpresa ari da prozesuaren arlo teknikoa prestatzen. Eta, aurreko astean, enpresako ordezkari Agurtzane Loidik eta Olatz Estensorok azalpenak eman zituzten Batzar Nagusietako Parte-hartze batzordean. Bertan azaldu zutenez, hurrengo legealdian egingo dute herri galdeketa, eta oraindik behin betikoa ez bada ere, aldundiak azaroa eta abendua artean egin asmo du. Era berean, udal erroldako zerrendan agertzen diren 16 urtetik gorako herritarrek eman ahal izango dute botoa, baina galdera zehazteke dago oraindik. Aurreratu dutenez, galdeketa loteslea izango da, eta Arantza Ruiz de Larrinaga Gipuzkoako Parte-hartze zuzendariaren arabera, zestoarrek ezetz esaten baldin badute, «Osinbeltzen ez da zabortegirik izango».
Jarraipen Mahaia, aurrera
Aldundiak Osinbeltzen egin nahi duen proiektuaz informatzeko, berriz, Zestoako Jarraipen Mahaiak aurrera jarraitzen du. Atzo arratsaldean behin-behineko plangintza ezagutu zuten, eta orain arte hainbat alor aztertu dituzte, herriko eragileek zituzten kezketatik eta zalantzetatik abiatuta. Besteak beste, Zubietako TMB planta diseinatu behar zuten teknikarien bisita izan dute, eta harrobiaren berreskurapena eta biltegiaren iragazgaiztasuna ere jorratu dute adituen eskutik.