Danbolinzuloko labar artea izan da Antxietakoen azken aurkikuntza.
Goi Paleolito garaiko labar arteko grabatuak aurkitu ditu Antxieta Arkeologi taldeak Zestoako Erlaitz haitzuloan, Sastarrain baserriaren ondoan. Lehendik ere garai horretako zenbait aztarna aurkitu dituzte Erlaitzen; esate baterako, harri eta hezur landuak, apaingarriak, zeramika lanak eta gizakien zein animalien hezurrak. Bihar, asteazkena, aurkeztuko dute aurkikuntza Gipuzkoako Foru Aldundiak, Zestoako eta Debako Udalek eta Aranzadik, diputazioan.
Honakoak dira Erlaitz haitzuloan orain artean aurkitu dituzten materialak eta osagaiak:
Harriak: zulakaitza, ijelkiak, printzak eta gune zatia.
Zeramika: Ontzi baten lepoko eta sabeleko zatiak, karena altua duen ontzi handi baten ertz eta lepoko zatiak eta beste zati batzuk. Gehienak lokatzez apainduak dira.
Apaingarriak: Littorina obtusata deritzon karakol moduko moluskua, pulimentoz zulatua.
Giza-hezurrak: gutxienez lau gizaki aurkitu dituzte. bi heldu, haur bat eta jaio gabeko pertsona bat.
Animalien hezurrak: behiarenak, ardiarenak, ahuntzarenak, txerriarenak, zaldiarenak, azeriarenak eta hartzenak, besteak beste.