Wadnak jasotako 3.500 kilo janari bidaliko dituzte Tindufera

Ane Olaizola 2015ko ots. 19a, 15:00

Sahararen Aldeko Eguna, iaz, Zestoan
(Olatz Prat) Wadna Zestoako elkarteak janari bilketa egin du, eta bildutako produktu guztiak larunbatean bidaliko dituzte Mendebaldeko Saharara, Donostiatik aterako den XI. Sahararen aldeko karabanaren baitan. Piztu Itxaropena lelopean joango dira hara, eta jasotako elikagaiez gain, Tindufeko kanpamenduetako proiektuentzako beharrezko materiala ere bidaliko dute. Elkarteak adierazi duenez, aurten 3.500 kilo inguru jaso dituzte, aurreko urteetako kopuru berdintsua. Elkartearen ustez «zoriontzeko» kopurua da hori, «kontutan izan da hemen ere egoera ez dela lehen bezelakoa, inguruan ere behar asko dugulako. Beste behin ere frogatu dugu emandako pixkat hori, azkenean asko bihurtzen dela». Zestoako herrian, Zestoako herri eskolan, Aizarnako eskolan, Arroabeko eskolan, Azkoitiko Xabier Munibe ikastolan, eta Azkoitiko Maxi Eroski saltokian bildu dute janaria: «Guztion artean denboraldi baterako janaria ziurtatu diegu hain egoera larrian bizi den sahararrei». Eskerrak eman dizkie ekarpenak egin duten herritarrei, eta horrekin batera gogoratu dute Oporrak Bakean programarekin udan Mendebaldeko Saharako umeak ekartzeko aukera ere badagoela. Aurten etorriko diren guztien artean, 30 ume familiarik gabe daudela adierazi dute, eta norbait interesatuta egonez gero, elkartearekin jar daiteke harremanetan. Horien arabera, uda osoan hartu ezin dutenek egonaldi partekatua ere egin dezakete, bi familikin txandakatuta. Era berean, zabaldutako kontu korronte baten bidez, Zestoarekin adiskidetuta dagoen Tishla herrian ur-andel berriak jartzeko proiektura bideratuko dute. Taldeak urtero 60 andel inguru eramaten ditu hara.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide