EAJren diputatu nagusirako hautagaik dio biltegiaren proiektua Foru Arauaren kontra doala. Jaurlaritzaren esanetan, Zestoara bidaltzen dituzten hondakinak ez liratezke izango geldoak
EAJren Gipuzkoako diputatu nagusirako hautagaiak Zestoa bisitatu zuen aurreko astean Joxe Mendizabal EAJko Zestoako alkatetzarako hautagaiarekin batera, eta herriko hainbat toki eta auzo bisitatu zituen, «herriko errealitatea ezagutzeko eta partekatzeko».Besteak beste, Osinbeltz harrobian izan zen, eta bertan Gipuzkoan zabortegi berririk ez irekitzeko konpromisoa hartzen dutela esan zuen: «Beraz, Osinbeltz harrobian zabortegia egiteko proiektua baztertuko dugu. Ezin da horrelakorik egin, eta gainera, legez kanpokoa da, Foru Arauaren eta ingurumen gutxieneko arauen kontrakoa da, eta ez du zerikusirik herrialde aurreratuenek hartutako konponbideekin».
Karbono organikoaren tasa
Bestetik, Jose Antonio Galera Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuordeak ere Osinbeltz izan du hizpide orain gutxi. Hain zuzen, aurreko astean agerraldi bat egin zuen Eusko Jaurlaritzak Zubietako TMB planta egiteko baimena ez luzatzearen arrazoiak azaltzeko. Gipuzkoako Foru Aldundiak Zubietako planta egiteko Ingurumen Baimena tramitatzeko aurkeztutako dokumentazioa aipatuz, azaldu zuen Zubietako TMB plantan tratamendu mekaniko biologikorako plantan hondakinak tratatzean %18 arteko karbono organikoa geratuko dela. Beraz, Zestoan egitekoak diren geltokira soilik hondakin geldoak ez direla joango azpimarratu zuen. «Europako legediak dio hondakin geldoez hitz egiteko ezin duela eduki %3 baino karbono organiko gehiago. Beraz, ezin dugu hondakin geldoetaz hitz egin. Ez da arriskutsua izango, baina geldoa ere ez», gaineratu zuen.
Era berean, defendatu egin zuen Jaurlaritzaren Ingurumen Batzordeak egindako lana. Bere esanetan, baimena ez luzatzea erabakitzerako orduan ez zen «irizpide arbitrariorik» egon. «Ingurumen baimenek araututako prozesu bat jarraitzen dute. 16/2002 legeak jarraibideak zehazten ditu. Beraz, ezinezkoa da arbitrarioki esku hartzea», esan zuen.
«Bi azpiegitura guztiz desberdinak» zirelako egin zioten uko baimena luzatzeari, sailburuordeak azaldu zuenez: «Lehenengoan, baimenduan, hondakinak hezetasuna izan ez dezan eta energiaren balorizazioa eraginkorragoa eta ekonomikoki errentagarria izan dadin, prozesu biologikoa egiten da. Bigarrengoan, ordea, metalak atera ondoren, materia organikoa fermentatzearen bidez, gainontzeko frakzioei beste helburu bat ematen diete».