Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
IRITZIA: Zestoako Osinbeltz bizirik! taldearena
Herrian ibili omen zara, Olano jauna. Hasiak zarete, beraz, aurrekanpainarekin eta boto bilketan; eta estrategikoki zuen komunikazio kabineteak esango zizuen garrantzitsua dela Zestoan indarra jartzea. Azken lau urteetan Gipuzkoako agenda politikoan hondakinen kudeaketa lehen lerroan edukitzea lortu duzue, eta gurera ere gai berdinarekin etorri zara.
EAJ-PNVtik (baita PSEtik eta PPtik ere) garbi adierazi duzue lurraldeko hurrengo hauteskundeak irabaziz gero erraustegia egingo duzuela. Horrela, lotsagabe. Hordagoa horren zuzen botatzeko, ikusiko zenuten etekina ateratzeko margenik nonbait. Baina ez iezaguzu aurpegira barrerik egin mesedez, Olano jauna. Orain hamar urte pasatxo, 2004ko abenduaren 12an, zuek errauste plantaren planarekin gupidagabe aurrera ari zinetenean, gure herrian galdeketa egin zen plantaren inguruan, eta emaitzek garbi adierazi zuten zestoarron nahia: zentsuaren %61eko parte hartzearekin %91k errauste plantaren kontra bozkatu zuen. Josetxo, zu ez zara horrekin ahaztuta egongo, ezta? Gaur egun Zestoan, adostutako hondakin sistemarekin %82ko birziklatze mailan gabiltza; eta gurean bezala Gipuzkoaren laurdena. Guk guztiok erakutsi dugu ez daukagula errauste plantaren beharrik.
Olano jauna, inposaketa hitza darabilzue uneoro besteak salatzeko, zuek, sekula ezer galdetu ez eta gure lurraldean izugarriak egin dituzuenak, inposatzaileak. Herrian bildu zaren eragile eta norbanakoei kontatu al diezu ez diguzuela galdetu ere egingo errauste planta jartzea nahi dugun ala ez? Komentatu al diezu inposatu nahi diguzuen errauste plantak ze gastu ekonomiko izango dituen? Esan al diezu inposatu nahi diguzuen errauste planta zaborraz elikatzen denez, ez dela komeni gure etxeetan gehiegi birziklatzea, bestela zuen plana bertan behera geratuko baita? Eta Olano jauna, hitz egin al duzu eurekin, inposatu nahi diguzuen errauste plantak edukiko duen koste humanoaz? Hainbesteko erradio batean errauste planta batek sortzen duen minbizi tasen igoeraz?
Gipuzkoarrok frogatu dugu hondakinen kudeaketa ekonomikoago, garbiago eta jasangarriago bat posible dela. Eta zestoarrok parte hartze aktiboa izango dugu zikloari amaiera ematerakoan. Lurraldean sortzen dugunaz jakitun, gauzak arduraz eta konpromisoz egin nahi ditugu, eta bide batez, gure herrian hainbeste urtez degradatu den gune bat berreskuratzera goaz. Argazki polita atera duzue Josetxo Mendizabalek eta biok harrobiaren atarian, ezta, Olano jauna? Zuei bost inporta zaizue Ertxin mendiak beste horrenbeste urtean horrelaxe jarraitu behar badu ere. Zuen helburua, garbi esan duzue, errauste planta egitea da; eta zestoarrak beste gauza askoren artean kondenatuko gaituzue zulo ilun hori herrian edukitzera.