Sonia San Jose: "Lurraldearen kontrola oso garrantzitsua zen lehen herrixkentzat"

Ane Olaizola 2015eko otsailaren 10a

Bailarako historiaurrea ezagutzeko Hezurren Egia proiektuaren barruan, hitzaldiak izango dira aste honetan ere. Oraingoan, Azkoitian izango dira saioak, gaur 19:00etan, Elkarguneko Oteiza aretoan. Miriam Cubas Aranzadiko arkeologoak Ehiztari eta nekazarien artean: Neolitoaren hasiera Urolan hitzaldia eskainiko du, gaztelaniaz. Sonia San Jose (Donostia, 1972) arkeologoa, berriz, bailarako lehen herrixken inguruan arituko da. Noiz hasi ziren lehenengo herrixkak sortzen? Euskal Herrian, Burdin Aroan hasi ziren lehenengo herri kontzentrazio handiak sortzen. Badakigu Neolitotik aire zabaleko herrixkak zeudela, Gipuzkoan arrastorik aurkitu ez dugun arren. Burdin Aroan, egun ezagutzen ditugun altueran eraikitako herri harresituak sortu ziren, kontrola eta babesa oso garrantzitsua zutelako. Nolakoak ziren herrixka horiek? Urolan dagoen adibiderik garbiena Munoaundi herri harresitua da. Guztiek ezaugarri antzekoak zituzten: mendi garaiak aukeratzen zituzten bizitzeko, kontrol estrategikoa nahi zutelako. Babes natural hori, harrizko harresiekin indartzen zuten gero. Estrategikoki kokatzea ezinbestekoa zuten, ezta? Bai, lurraldearen kontrola oso garrantzitsua zen haientzat. Gipuzkoan oso adierazgarria da kokapena. Ezagutzen diren hamaika herrietatik laupabost Oria bailaran daude, eta guztiek lerro bat osatzen zuten, herri batek bestea ikus zezan. Bailara handiak kontrolatzen zituzten. Azkenekoz ezagutu ditugunak Hernio aldekoak dira, eta han Oria eta Urola arteko mendibideak kontrolatzen zituzten. Herrixa asko sortu al ziren aro horren hasieran? Horietatik zenbat ezagutzen dira? Euskal Herrian, Burdin Aroan halako ezaugarriak dituzten 300 herri harresitu ezagutzen ditugu. Gipuzkoan ere baziren, baina zaila da halako herrixkak antzematea, begetazioak aztarnak erabat estaltzen baititu. Egun, garai horretako hamaika herrixka ezagutzen ditugu Gipuzkoan. Eskualdean, Munoandi da ezagutzen den bakarra. Asentamendu txikiagoen aztarnak ere aurkitu ditugu, Azkoitiko Altamiran, eta Azkoitia eta Azpeitia arteko Txalintxo mendian. Baina, ez dira herri harresitu handiak, txikiagoak ziren, besteen osagarriak izango ziren. Badaude beste aztarna batzuk ere, baina zaharragoak dira. Esan ohi da Munoandiren eta San Martinen artean halako lotura bat bazegoela. Ez dakigu zuzeneko loturarik ba al zuten, baina argi dago nolabaiteko jarraipena bazutela. Iraurgiko San Martinen, esaterako, errausketetarako kutxak aurkitu ziren. Beranduagoko aztarnak dira, ordea, hangoak; aurkitu diren zeramikengatik erromatarren garaikoak zirela ikusten da. Beraz, nolabaiteko jarraipena zutela ikus daiteke. Aroaren aldaketan, erromatarrak etorri zirenean, ez da dokumentatu Gipuzkoan bizitzen geratu zirenik eta herrixkak erromatarren kulturara moldatu zirenik. Euskal Herriko beste zonalde batzuetan, berriz, herrixka batzuk desagertu egin ziren. Gipuzkoan, erromatarrak sartu zirenean, itsasertzean asentamendu handiak egon ziren. Zarautzen, Getarian... aztarnak aurkitu dituzte. Barnealdean, ordea, aztarna gutxi daude. Kasu honetan, San Martingo aztarnak datu garrantzitsuak dira. Zer aurkitu zenuten Munoandin iaz egin zenituzten indusketetan? Herrixkaren sarbidearen planoa osatzen jarraitzen dugu. Bestaldean ere lanean hasi ginen duela hiru urte, eta han eguneroko bizitzarekin lotutako lehenengo aztarnak aurkitzen ari gara. Esaterako, eraikuntzako kubetak aurkitu dituzte. Oraindik, ordea, ez dakigu zer jarduerarekin lotuta dauden.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide