Esku pilotako profesionalen txapelketako partidak jokatuko dituzte Zestoan

Zestoako Hitza 2015eko otsailaren 10a

Azken urteetan bezala, esku pilotako profesionalen Binakako Txapelketako jardunaldiak izango dira datozen hilabetetan Zestoan. Zestoako Pilota Elkartearen eta Aspe enpresaren akordioari esker, bi hitzordu lotu dituzte martxorako eta irailerako. Batetik, txapelketa nagusiko lehen mailako pilotari profesionalak martxoaren 13an lehiatuko dira, eta Ezkurdia eta Zabaletak, Artola eta Albisuren aurka jokatuko dute. Honez gain, promozio mailako beste pilota partida bat ere jokatuko dela adierazi du elkarteak, baina oraindik zehaztu gabe dute saioa. Ohitura den moduan, Zestoako Amabirjinetan ere izango da beste pilota jaialdia bat. Lau pilotari izango dira, eta oraingoz Juan Martinez de Irujoren, Altunaren eta Zabaletaren parte hartzea adostu dute. Martxoko partidako sarrerak aldez aurretik erreserbatzeko, 638-03 91 24 zenbakira deitu edo zestoakopilota@gmail.com helbidera idatzi daiteke. 30 eurotan salduko dituzte sarrerak, eta egunean bertan, leihatilan ere izango dira salgai. 2011n jokatu zen lehenengo aldiz profesionalen txapelketako partida bat Zestoan, eta ordutik urtero izan ohi dira norgehiagokak herrian, elkarteak eta pilota enpresek egindako hitzermenen eraginez.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide