Lakuan izan dira Zestoako Udaleko eta Arroabeko ikastetxeko eta guraso elkarteko ordezkariak (Guraso elkartea)
Zestoako alkate Leire Etxeberria, Irati Peñagarikano aparejadorea, Arroabeko ikastetxeko zuzendari Jesus Albizu eta Sakulupe Guraso Elkarteko hiru kide Eusko Jaurlaritzako hezkuntzako ordezkariekin elkartu dira gaur goizean, Gasteizen. Auzoan ikastetxe berria egiteko plangintza martxan dutela adierazi die Jaurlaritzak, eta berandu jota 2017an egingo dutela jakinarazi die.
Elkarteak adierazi duenez, Jaurlaritza "oso kezkatuta" dago egungo ikastetxearen egoerarekin, eta arrisku egoerak antzemana dituztela esan dute. Gainera, kontutan hartu dute azken urteetan matrikulazioek gora egin dutela Arroabean, eta aurrerantzean ere hala izango dela aurreikusi dute. "Beraz, eraikin berria egiteko proiektua abian izanda ere, bitartean umeen segurtasuna bermatu beharra ikusten dute, eta horretarako teknikari bat bidaliko dute bertatik bertara egoera aztertzeko eta konponbidea aurkitzeko". Ikastetxe berria egin bitartean, segurtasun tresnak jartzea adostu dute.
Elkartearen arabera, ikastetxe berria egiteko proiektua gauzatu bitartean "zuzeneko harremana" izango dute bi aldeek, prozesuaren jarraipen zuzena egin dezaten. Bileraren balorazio positiboa egin du elkarteak, "haurren segurtasunaren inguruan kezka dagoelako eta eskola berria egiteko plangintza abian dagoelako".