Arroabean ikastetxe berria egin dezaten, "ahal den guztia" egingo du udalak

Ane Olaizola 2015eko urtarrilaren 30a

Ikastetxeko hainbat kide izan ziren osoko bilkuran
(Sakulupe Guraso Elkartea) Zestoako Udalbatzak osoko bilkura egin zuen atzo iluntzean, eta hainbat mozio onartu zituzten han. Besteak beste, Arroabean ikastetxe berria egiteko ahal duen guztia egingo duela agindu du udalak, "bai instituzionalki, bidea erraztuz, nahiz antolatutako ditugun ekimenetan euren babesa emanez". Aho batez onartu dute ikastetxeko Sakulupe Guraso elkarteak aurkeztutako adierazpena. Itxiturarik gabeko ikastetxea izanik, eskolaren egoera "oso larria" dela gogoratu dute, "egunero hainbat arrisku egoera" jasan behar izaten baitituzte. Hori hala, udalak, Eskola Zuzendaritzak eta Guraso Elkarteak egoerari buruzko memoria egin dute, eta hainbat salaketa bideratu dute Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Gipuzkoan duen delegaritzara. Jaurlaritzak 2017rako aurreikusita dituen Eskola Berriaren lanak aurretzea du helburu elkarteak. Horretarako, hainbat saiakera egin dituzte; azaroan Baliabide Materialen eta Azpiegituren Zuzendari Polentzi Urkijori eta Hezkuntza Sailburuorde Arantza Aurrekoetxea Bilbaori zuzendutako idatziak bidali zizkien. Bertan, izan dituzten gertakariak salatu eta ardurak eskatzeaz gain, bilera eskatu zieten Hezkuntza Saileko arduradun tekniko eta politikoekin. Guraso elkarteak hala eskatuta, ikastetxe berria lehenbailehen egin dadun, bere "konpromisoa eta lehentasunezko inplikazioa" azaldu du udalak. Era berean, lurrak Eusko Jaurlaritzaren esku daudenez, udalari eskatu diote gaiaren jarraipen zuzena egin dezala, haren jabetza ez dadin berriro udalaren eskuetara igaro. Arroabeko ikastetxeaz gain, Osinbeltzen hondakin geldoen biltegia egiteko proiektuaren aurkako mozioa ere jorratu zuen atzo udalbatzak. EAJk aurkeztu zuen mozioa, udalbatzak baina ez zuen onartu, Bilduk haren aurka bozkatu baitzuen. Osinbeltz harrobitik "oso gertu", Danbolinzulo koban, aurkitu dituzten labar margoak direla eta, biltegia egiteko proiekturen aurka agertzea eskatu zuen EAJk. Izan ere, labar margoek izan ditzaketen "balio historikoak" kontutan hartuta, turismo aldetik izan dezakeen "erakargarritasunagatik" ez litzatekela "bateragarriak" izango uste dute jeltzaleek. Ruben Alberdi alkateordeak, ordea, erantzun zion teknikoki ez dutela eraginik izango batak eta besteak. "Sasiolako harrobia martxan dago eta leherketak ematen ditu astero. Osinbeltzeko harrobia geldirik dago aspaldian, eta proiektu berriak harrobiaren zaharberritzea dakar, bejetazioa ahalik eta gehien errespetatuz. Horrez gain, hondakin geldoekin egin behar den betelana 120 kotara iritsiko litzateke gehienez, eta Danbolinzulo 240 metroko kotan dago. Berez, ezin da inola ere filtraziorik egon mendian gora". Era berean, proiektuaren eragina aztertzeko "miaketa zorrotzagoak" egingo dituztela adierazi zuen. Duela aste batzuk izandako 16 lagunen atxiloketak ere gaitzetsi ditu udalak, "oinarrizko giza eskubideen aurkako eraso larria" izan zirelako.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide