TSko langileak, artxiboko irudia. (Ane Olaizola/Hitza)
TS Fundiciones Zestoako enpresa Euskal Partnesen esku utzi nahi du administratatzaileak. Eskaitza egin duen taldearen arabera, 68 langile hartu dituzte enpresa irekitzerakoan, 106 langile izango dituzte datorren urterako; eta, 121, berriz, bi urte barru. Hala ere, azken erabakia Pedro Malagon Donostiako Merkataritza arloko titularraren esku geldituko da.
Hiru eskaintza egon dira Zestoako planta hartzeko bigarren fasean: Gonvarri Renewable Industries taldearena, Eisengiesserei Torgelow alemaniarrarena eta Euskapital Partnersena. Aukeratu duten enpresaren burua da Javier Agirre, TS Fundicioneseko zuzendaritzako kidea 2010 eta 2012 artean.
Datozen egunotan Javier Agirrerekin elkartzekoak dira TS Fundicioneseko langileak, enpresa berria izan daitekeenari buruz informazioa jasotzeko.
Bien bitartean, LABek positiboki baloratu du administratzailearen erabakia: "Epailearen erabakiaren zain gaude, baina albiste ezinhobea da LABentzat, TS Fundiciones enpresa berriz martxan jartzea suposatuko duelako".
Enpresarentzat ez ezik, Zestoarentzat eta Urola Kosta "krisiak zigortutako bailararentzat" ere albiste "bikaina" dela azpimarratu dute, eta hori "azken hilabeteetako emaitza" izan dela berretsi dute: "Enpresak aurrera egitea posible izan bada, eta hortaz TS Fundicioneseko langileek lanpostuak berreskuratu, langile borrokari esker eta Zestoako eta Urola Kostako herritar eta eragileen elkartasunari esker izan da, espekulatzaileak uxatzeko gai izan direlako, eta alternatibak bilatzeko gai". Besteak beste, itxialdiak, manifestazioak, sinadura bilketak eta beste hainbat protesta egin dituzte langileek azken urtean, "sekulako duintasun erakustaldia emanez".
TS Fundiciones adibidetzat jarrita, lanpostuak galdeko arriskuan dauden langileei esan die "alternatibak eraikitzeko aukerak" badaudela, eta beraz, langileak antolatu eta enplegua defendatzeko deia egin die.
Gipuzkoako Foru Aldundiak ere bide beretik baloratu du, eta epaileak administratzailearen proposamena onartzea "berri oso ona" litzatekela esan du: "Arroako planta Euskapital Partnersi esleitzeko proposamenak, aurkeztutako beste biak bezala, betetzen ditu bere garaian gure babesa eman ahal izateko administrari konkurtsalari planteatu genizkion baldintzak: industria proiektu bat izan zedila, eta ez proiektu espekulatzaile bat, jardueraren jarraikortasuna berma zezala eta ahalik eta enplegurik gehiena babes zezala”, esan du Berrikuntza, Landa Garapena eta Turismo departamentuko Diputatu Jon Peli Uriguene. Era berean, gogora ekarri du lehiaketara aurkeztutako hiru proposamenek zeukatela beren baitan industria proiektu bat. “Honek gure haserako jarrera eta langileena berresten ditu, enpresaren jarduerak bazeuzkala jarraitzeko aukerak, alegia”.
“Gipuzkoako Foru Aldundiak, hasera haseratik eskaini zien bere lankidetza TS fundizioko langileei jarduera berriro abian jarri ahal izateko. Enpresa honen jarduerarako merkatu aski bazegoela uste genuen eta produkzioarekin jarraitzeko interesa eduki zezakeen industria inbertsore baten bila abiatu ginen. Harremanetan jarri ginen lehen taldeak, administrariak ez askitzat jo zuen proposamena aurkeztu zuen eta bigarren fasean hiru eskaintza aurkeztu ziren, bi berri eta Gonvarrirena, hobetua. Hiru eskaintzak antzekoak ziren langileen kontratazioari zegokionez eta epaitegiko administrariak beste irizpide batzuekin baten aldera jo du” esan du Jon Peli Uriguenek.