Osinbeltz harrobia
(Nerea Uranga)
Zestoako Osinbeltz harrobian egin asmo den hondakinen biltegiaz EAJk kaleratutako idatziari erantzun dio Bilduk, eta hark esandako "arinkeriak" salatu nahi izan ditu. Besteak beste, proiektuari "inposaketa" deitu izana kritikatu dute, eta herri galdeketaren bidez egingo dutela gogoratu baitute. Zestoara eramango lituzketen hondakinek "usaina eta gasak" sortuko dituztela ere gezurtatu dute: "Ongi baino hobeto dakite Zestoara ekarriko litzatekeen materiala guztiz egonkortua dela, eta Europako herrialde aurreratuenetan antzeko proiektuak arrakasta osoz burutu direla".
"Akuiferoen egoeraz kezkaturik EAJ, noiz eta Abiadura Handiko Trena bezalako zentzugabeko obra erraldoiak Gipuzkoako mendigune garrantzitsuenak zulatu eta txikitzearen ondorioz, Tolosaldeako akuifero garrantzitsuenak lehortze arriskuan aurkitzen direnean. Noiz eta Fracking bidez gasa ateratzea bezalako teknika txikitzaileen aurkako jarreran atzera egin dutenean. Nola ahaztu bestalde, Zestoako Harrobia urteetan ustiatu duen enpresarekin PNVk izan duen lotura zuzena? Enpresak eskaturiko ustiaketaren mugak luzatzea babesteraino iritsi zen PNV, enpresak aurrez ezarrita zituen muga guztiak gainditu zituenean. Zorionez, gehiengo osorik ez zutelako, lortu ez zutena. Hauengatik balitz, Ertxin mendia guztiz suntsitu eta bere magalean aurkitu berri diren ondareen berri ez genuen sekula izango", salatu dute.
Era berean, egoeraren aurrean, gaiari lotutako jarraipen batzordearen saioetara eta merkataritza eta turismo batzordeetara azaldu ez izanaren arrazoiaz galdegin diote.
EH Bilduk proiekturen ustez, biltegia "baliagarria" izan daiteke Osinbeltz bezalako eremu degradatua berreskuratu eta aisialdirako gune bilakatzeko: "Ez gara guztiz erotu, eta gu ere bertako herritar izanda esaten ari diren astakeriarik txikiena egiteko adina ere ez gara ergeldu", diote. Hala, gaiaren inguruan hasitako prozesuan parte hartu dezaten animatu dituzte herritarrak:"Parte hartze prozesua ariketa aberats bezain interesgarria izan daiteke, denok daukagu zer ikasia eta antzeko proiektuak ezin dira politikarien hika-miketan usteltzen utzi".