Bide egokitik doa Ekainberri

Urola Kostako Hitza 2015eko urtarrilaren 29a

Ia 200.000 bisitari pasatu dira Ekainberritik, sei urtean; 28.000 pertsona urteko.. Fundazioak eskaintza zabaldu nahi du, Lili Jauregia eta bailarako beste ondareekin.«Erabat egonkortutako proiektua» da Ekainberri Fundazioa, Naiara Lopez de Etxezarre...

Ia 200.000 bisitari pasatu dira Ekainberritik, sei urtean; 28.000 pertsona urteko.. Fundazioak eskaintza zabaldu nahi du, Lili Jauregia eta bailarako beste ondareekin.

«Erabat egonkortutako proiektua» da Ekainberri Fundazioa, Naiara Lopez de Etxezarreta Gipuzkoako Aldundiko Kultura zuzendariaren hitzetan. 46 urte pasatu dira Antxieta arkeologia taldeko kideek Zestoako kobazuloa aurkitu zutenetik, eta sei urte, berriz, haren erreplika ireki zutenetik. Horregatik bildu dira Zestoan fundazioko ordezkariak, balorazioa egin eta erronka berriak zehazteko. Jaurlaritzak, Aldundiak eta Zestoako Udalak argi dute egitasmoak osasun ona duela, eta «zabaltzeko joera» ikusten zaiola.

Bisita aldetik, kopuru onak izan ditu erreplikak. Izan ere, ia 200.000 pertsonek bisitatu dute kobazuloa, sei urtean; gutxi gorabehera, urteko 28.000 bisitari jaso ditu Ekainberrik. Lopez de Etxezarretak esan duenez, gehienak eskoletako taldeak eta helduak izan dira.

Hiru erakundeetako ordezkariek bat egin dute esatean beharrezkoa dela Ekainberri Fundazioaren eskaintza zabaltzea. Horretarako, Lili Jauregia edo Danbolizuloko labar arteak eskura dituzte Zestoan. Lili Jauregia, esaterako, joan den urtean moldatu eta jantzi zuten bisitariak jasotzeko. Herriko interpretazio eskolako ikasleak antzerki bidez bisitak gidatzen hasi ziren, eta beste antzezpen bat prestatzen ari dira orain. Leire Etxeberria Zestoako alkateak elkarlana nabarmendu du, eta esan du horrelako ekintzek «lotura estua» sortu dutela herriaren eta fundazioaren artean.

Bestalde, Imanol Agote Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen zuzendariak jakinarazi du «leialtasunean oinarritutako» erreplika dela Ekainberri, eta horri eutsi behar diotela aurrerantzean ere. «Erreplikara sartzerkoan, kobazuloan bizi daitezkeen emozioak sorraraztea nahi dugu», esan du Agotek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide