Neguko gau bateko obra

Eneritz Albizu Lizaso 2015eko urtarrilaren 28a

Hasieratik amaieraraino antzeztu dute lana entseguan, serio, badakite laster iritsiko dela beraien unea. Antzerki obrako jantzi batzuk jantzita dituzte aktoreek, baina oraindik ez daude guztiz prest, egun batzuk falta dira. Entsegua amaitu ostean, Amancay Gaztañaga Eromen Produkzioak taldeko zuzendaria gerturatu zaie antzezleei, eta aholku batzuk eman dizkie, ostiralean, Soreasu antzokian antzeztuko duten Uda gau bateko ametsa antzerki obra txukun irten dadin. Duela hiru urte hasi ziren Azpeitiko eta Zestoako ikasle batzuk antzerkira joaten, Zestoako Interpretazio eskolan. Ikasle horiek Shakespeare-ren lana prestatu zuten joan den ekainerako, kurtso amaierako obra gisa. Antzezleen arabera, «oso gustura» gelditu ziren, eta zestoarrei asko gustatzu zitzaien lana. Oraingoan, ordea, pauso bat gehiago eman, eta «mundu profesionala» ezagutzeko erronkari aurre egingo diote, ia 600 ikuslerentzat tokia duen Soreasun. Antzezleek badakite herritarrak, oro har, ez daudela ohituta obra klasikoak ikustera, baina «apustua» egin nahi dute. «Antzezle bezala, Shakespeareren testuak oso onak dira, eta merezi du horrelako obra bat egitea», nabarmendu du zuzendariak. Gainera, «erronka» izan da antzerkia taldearentzat, lan hori ez delako euskaraz inoiz egin. Maria Blanco eta Ane Uria antzezle zestoarrek 19 eta 20 urte dituzte, eta uste dute aukera dutela beraien adineko pertsonei  lan klasikoak erakusteko: «Gure adinarekin ez duzu ikusten obra klasikoen magia, guk hemen ikasi dugu hori, eta aukera hau aprobetxatuko dugu lagunei eta herritarrei mezua helarazteko. Ardura ere bada». Norbere neurriko lana Zuzendaria arduratu da aktoreei pertsonaiak banatzeaz: «Hiru urtetan ikusi dut bakoitzak zer abilezia dituen, eta horien arabera hartu dut erabakia, bakoitzak barruan duena atera dezan». Antzezleak, berriz, eroso sentitzen dira beraien paperekin, eta haietara moldatzen jakin dute. Une honetan Soreasuko emanaldiari begira daude guztiak: «Egun batzuk barru izango da emanaldia, eta oraindik ez dut asimilatu», azaldu du Blancok. Esan dutenez, 80 bat pertsonen aurrean antzeztera ohituta daude, eta «gogo handia dute» areto handi batean aritzeko: «Ilusioa, poza eta beldurra, denetik sentitzen dugu emanaldia oroitzean». Hala ere, badute lasaitasuna ematen dien zerbait: joan den urtean antzeztu zuten obra bera Zestoan, eta ondo atera zitzaien. Ostiralean, maila igotzera joango dira Soreasura. Afizioak bultzatuta Uda gau bateko ametsa antzeztuko duten herritarrak «ezerezetik» hasi ziren, eta «mila gauza» lortu dituzte. Adibidez, teloiak, jantziak eta materiala beraien lanarekin lortu dituzte, «irabazitako dirua inbertituta». Ez dira profesionalak, baina lan profesionalak egiten dituzte. «Duela hiru urte hasi ginen hemen, denbora pasatzeko, eta begira non gauden. Nork bere bizitza eta lana ditugu, baina areto handi batean antzezteko aukera izango dugu», esan du Blancok. Antzerkiaz gain, bestelako ekitaldiak ere egiten dituzte gustatzen zaien hori egin ahal izateko. Azaldu dutenez, tonbola jarri ohi dute Zestoako festetan, eta herriko tabernen, enpresen eta norbanakoen babesa jasotzen dute. Uda gau bateko ametsa baliatuz egingo dute zestoarrek eta azpeitiarrek neguko gau bateko obra. «Magia duen komedia» da lana, eta «imaginazioa eta kritika uztartzen ditu», azaldu dute. «Modu arinean, errealitatea alde batera utzi, eta burua argitzeko aukera izango dute ikusleek».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide