Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Gipuzkoako Foru Aldundiak Hezurren Egia proiektua jarri du martxan, bailarako historiaurrea gizartzeratzeko asmoz. Besteak beste Azpeitiko Antxieta Arkeologia Taldeak eta Azkoitiko Munibe Taldeak egindako aurkikuntzak eta lanak herritarrei ezagutarazi nahi diete, bertako ondarea gizartean zabaldu dezaten.
Aldundiaren 2013ko partaidetzazko aurrekontuetan herritarrek aukeratutako proiektuetako bat izan zen eskualdeko historia berreskuratzeko plangintza egitea, eta 30.000 euro bideratu dituzte egitasmora. Azpeitiko, Azkoitiko, Zestoako, Beizamako eta Errezilgo udalek hartu dute parte, eta besteak beste Antxieta Arkeologia Taldeko kideak eta Jesus Tapia Aranzadiko arkeologoak lagundu dute egitasmoan. Iker Ruiz de Eguino aldundiko turismo zuzendariak proiektuaren garrantzia azpimarratu du, eta «historiaurrean izan genuena ezagutzeko eta nor garen jakiteko» balioko duela berretsi du: «Ez du zentzurik gure ondarea kanpoan ezagutaraztea aurretik gure artean zabaltzeko gai ez bagara», esan du.
«Urola bailarako ondare natural, arkeologiko eta historikoa dibulgatzeko proiektu handi baten lehen urratsa» dela azpimarratu dute aurkezpenean, eta horretarako duela 300.000 urtetik aurrerako historia berreraikitzeko aukera eman duten aurkikuntzei esker dakiguna hartu dute oinarritzat. Hiru fasetan egingo dute dibulgazioa, eta orain lehena hasiko dute: eskuorriak banatuko dituzte bailarako etxeetara, eta bailaran dagoen ondarearen berri emanez, «modu erakargarrian». Besteak beste, aztarnategien mapa erakutsiko dute han. Hurrengo astean, berriz, hitzaldiak egingo dituzte Azkoitian eta Azpeitian. Otsailaren 3an, Martin Arriolabengoa EHUko geologoak, Alvaro Arrizabalaga EHUko irakasleak eta Aranzadiko arkeologoak, Maria Jose Iriarte Ikerbasqueko ikertzaileak eta Aranzadiko arkeologoak eskainiko dituzte hitzaldiak, 19:00etan, Azpeitiko Sanagustin kulturgunean. Otsailaren 10ean, berriz, Miriam Cubas eta Sonia San Jose Aranzadiko arkeologoak izango dira Azkoitiko Elkargunean, ordu berean.
Era berean, informazio sakonagoa izateko webgune bat garatuko dute (www.hezurren-egia.eus). Ekimenarekin, gainera, eragileen arteko elkarlana sustatu nahi dute.
Esperientzia pilotua da, eta Azpeitian hasiko badute ere, bailara osora zabaldu nahi dute. Hala, bigarren fasean ekintzak, bisitak eta hitzaldiak-eta antolatuko dituzte. Hirugarrengoan, berriz, historiaurrea ardatz duen sare kulturala sortu eta turismoan eragin nahi dute. Izan ere, turismoaren ikuspegitik landuko dute bailarako historiaurrea, eta proiektua bailarako beste egitasmo turistikoekin txertatuko dute. «Bailara osoa da interesgarria, azken aurkikuntza Zestoan, Danbolinzulon, egin bada ere. Ondare asko dugu, eta hori adibide bat da, eta garrantzitsuena hori balioan jarri eta ezagutara ematea da», esan du Leire Etxeberria Zestoako alkateak.
Ekimenaren edukia Antxieta taldeak egin du, eta Jexux Tapia Aranzadiko kideak egitasmoaren garrantzia azpimarratu du. «Ezin da babestu jendeak ez badaki azpian zer daukan. Ezin da baloratu ezagutzen ez bada», esan du Jexux Tapia Antxietaren kolaboratzaileak. «Gure lana isilekoa da, eta orain suertatu zaigu margoekin gure lana plazaratzea. Aurkikuntza gehiago egitea espero dugu», esan du, berriz, Antxietako Andres Maizek.