[caption id="attachment_124347" align="aligncenter" width="300"]

Euskadi Gastronomika-n sartu diren enpresak, Madariaga eta Etxeberriarekin. (Eneritz Albizu Lizaso)[/caption]
Urola Erdiko hamar enpresek bat egin dute Euskadi Gastronomika elkartearekin, eskualdeko produktuak eta zerbitzuak bultzatzeko helburuarekin. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpresekin eta jatetxeekin osatutako kluba da Euskadi Gastronomika, eta nazioartean erreferente izatea du helburu. Urola erdian, jardun desberdinetako enpresek erabaki dute egitasmoarekin bat egitea; hala nola, jatetxeek, gozotegiek, sagardotegiek edota kooperatiba batek. Honakoak dira parte hartu duten enpresen izenak: Laja jatetxea, Joseba jatetxea, Kiruri jatetxea, Mikel Uria jatetxea, Larrañaga hotel-jatetxea, Jai Alai jatetxea, Egaña gozotegia, Añota sagardotegia, Beizama bizia kooperatiba eta Aranburu jatetxea.
Arantza Madariaga Basquetour Euskal Turismoaren Agentziako zuzendariak azaldu du beraiek "promozioan" lagunduko dietela enpresei, "erreferente" izan daitezen. Hori dela-eta, Euskadi Gastronomika-ren zigilua erabiliko dute hemendik aurrera enpresa horiek, "desberdintasuna" agerikoa izan dadin. "Denen lana da Euskadi erreferente izatea alor gastronomikoan, baina eskualdeka antolatutako elkartea da hau", adierazi du. Haren arabera, "lan asko" dago egiteko, baina denen artean egin daiteke. Beizama Bizirik kooperatibako ordezkariek, berriz, elkartera sartu diren enpresen izenean hitz egin dute, eta esan dute "pozez" sartu direla egitasmoan. "Bertako produktuei eta bertako baserritarrei laguntzeko aukera ere badugu", azaldu dute.
Bailararentzat bultzada
Eneko Etxeberria Iraurgi Berritzeneko lehendakariak gogoratu du, ekonomikoki, egoera "gogorra" pairatzen ari dela bailara. Hark azaldu du orain artean industria izan dela Azpeitiko eta Azkoitiko heldulekua, baina "pausoz pauso" turismoari garrantzia ematen ari direla. Urola Gustagarri izan zen lehen urratsa, eta oraingoan Euskadi Gastronomika elkartean sartzeko apustua egin dute.