Danbolin-Zulok Zestoako argazkizaleekin egindako bilera bat (Danbolin-Zulo).
Zestoako Danbolin-zulo kultur elkartea argazkilari elkarte bat sortzeko lanean da. Herritarren artean deialdia zabaldu ondoren, 20 pertsona inguru bildu dira argazkigintza arloan antolatu duten ikastaroan. Saio horien irakaslea Azpeitiko argazkilari elkarteko Iñaki Etxenagusia da. Adin tarte zabaleko ikasleak ditu: 30-60 urte bitartekoak, hain zuzen.
Zestoan argazkigintza zaletasuna zegoela ohartu zirela diote Danbolin-zulo elkarteko kideek, eta horren ondorioz argazkilari talde bat sortzea erabaki zutela diote: «Talde bat sortzeko beharra zegoela konturatu ginen. Orduan, argazki kamera profesionalak dituzten pertsonei deialdi bat zabaldu genien, eta jendearen interesa nabari dugu».
Elkarteko kideek azaldu dute gaur egun kamera profesionalen prezioa merkeagoa dela baina zenbait jendek ez dakiela horiek ondo erabiltzen: «Jendeak beharra ikusten zuen argazkilaritza inguruko ikastaro bat egitekoa. Hala, bi taldetan banatu ginen eta ikastaroarekin hasi ginen duela bi aste», gogoratu dute. Ikastaroaren saioak abenduan eta urtarrilean izango dira, eta bertan parte hartzeko aukerarik ez dute emango oraingoz.
Etorkizunean ekintza gehiago
Ikastaroa amaitu ondoren, kultur elkartearen asmoetako bat hilean behin biltzea da eta egun horietan irteerak eta bestelako ekintzak antolatzea aurreikusten dute: «15 pertsona inguruk adierazi dute argazki elkartean parte hartzeko nahia. Izan ere, argazkilaritza arloan maila altuagoa duten hainbat herritar ez dira ikastaro hau egiten ari, baina aurrera begira antolatuko ditugun ekintzetan parte hartuko dute».
Etorkizunera begira, ikastaro gehiago antolatzeko asmoa ere aitortu dute kultur elkarteko kideek. Hala ere, hainbat ekintza «erabaki gabe» daudela esan dute. Kultur elkarteak Danbolin herri aldizkaria argitaratzen du hilero, eta argitalpen horretan argazkilari elkarte berri honen argazkiak argitaratzeko asmoa ere azaldu dute.
Danbolin-zulo kultur elkarteko kideek diotenez, «gustura» daude herritarrengandik jaso dutenen erantzunarekin: «Jendeak horrelako proposamen bat gustura hartuko zuela pentsatzen genuen, eta hori bete egin dela iruditzen zaigu».