Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Zestoako Osinbeltzeko hondakin geldoen biltegiaren proiektuak zeresana ematen jarraitzen du. Azken egunetan irakurketa desberdinak egin dituzte batzuek eta besteek.
Zestoako Jarraipen Mahaiak lehen bilera egin du, eta oraindik «gai asko argitzeko» daudela ondorioztatu dute. Hainbat taldetako ordezkariak elkartu ziren bileran: udalekoak eta aldundikoak, natur taldekoak, mendi taldekoak, Hondakinen Mahaikoak, auzoetakoak, merkatarien elkartekoak, Zestoako Harrobia Plataformakoak, Guraso Elkartekoak eta EH Bildukoak. Bestetik, jakinarazi dute aste honetatik aurrera Ainhoa Intxaurrandieta GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko lehendakaria udaletxean izango dela arratsaldeetan, herritarrei proiektuaren inguruko «zuzeneko informazioa» emateko. Aurrera begirako urratsei dagokienez, berriz, Lurraldeko Zatikako Plana aldatzeko prozesuaren berri emango diete mahaiko kideei.
Hainbat kezka plazaratu zituzten lehen bileran izan zirenek. Adibidez, beste esperientziak ezagutzeko beharra azpimarratu zuten, eta proiektu berria izanik, esperientzia pilotua izan dadin aztertu dezaten eskatu zuten. Hala, proposatu zuten hil honen erdialdean herriko ordezkaritza bat Alemaniako edo Austriako gordetegi bat ikustera joatea. Oro har, informazio gehiago eskatu zuten ordezkariek, besteak beste, eredu osoari eta Lurraldeko Zatikako Planari buruzkoak. Behar horiek guztiak aztertuko dituztela esan dute aldundiak eta GHKk, eta hurrengo bileran dira arloz arlo lantzen hastekoak. Jarraipen taldearen helburuetako bat da informazio zuzena lortzea, eta hain zuzen, bilera horren ondotik, Zestoako Harrobia Plataformak hainbat azalpen eman zituen. Honen arabera, 49/2009 Dekretuan zabortegien kokapenaren aukeraketa egiteko irizpideak urratzen ditu Osinbeltzeko hondakin geldoen biltegiak. Gogoratu dute herritik gutxienez kilometro batera egon behar duela, baina Zestoako lehen etxeak 200 metrora daudela esan dute. Formazio karstikoetatik gutxienez 100 metrora egon behar dela ere aipatu dute. Ordea, «Osinbeltz guztia da kare harrizkoa, pitzaduraz betea urteetako leherketen eraginez». Era berean, irazkortasun maila altua duela salatu dute, eta legeak zehazten duen uholde arriskuen eta akuiferoen bateraezintasuna urratzen duela azpimarratu dute.
Oraingo zabortegiak itxita, «Gipuzkoako zabortegi bakarra» Osinbeltzekoa izango dela salatu dute, eta zalantzan jarri dute aldundiak orain arte emandako informazioa: «harrigarria» deritzo ziurtatzea ez duela lixibiaturik, gasik eta usainik sortuko, Zubietako TMB plantaren eta Osinbeltzeko proiektuak egin gabe daudenean. Era berean, aldundiak lagin gisa erakutsi duen hondakina Salzburgokoa (Austria) dela eta hango hondakinen kudeaketa sistema desberdina dela esan dute: «Gaikako bilketa garatuagoa dute, beraz, TMBko plantan sartzen den zaborraren lagina desberdina da, zaborra garbiago iristen da».
Zestoako Bildu, baikor
Jarraipen Mahaia hamabostero da elkartzekoa, eta lehenengo bileran parte hartu zuen Zestoako EH Bilduk ere. Ostegunean batzar irekia egin zuten 90 bat lagunek, eta irakurketa bat egin zuen koalizioak. Zestoako Bilduren ustez, udalak bermeak jarri eta prozesua kontrolatuz gero, Osinbeltzeko proiektua ez da kaltegarria izango herriarentzat. «Kezkak beti egongo dira, baina hasiera batean ez luke arriskurik edukiko, ez bailuke kutsatuko». Are gehiago, hainbat onura ere izango dituela adierazi dute: «Lanpostuak sortuko lituzke, udalari diru sarrera gehiago eragingo lizkioke, eta Osinbeltzeko berreskurapen planarentzat lagungarria izango litzateke». Halaber, azpimarratu dute Osinbeltzeko biltegia gaikako bilketa prozesuaren amaieran kokatzen dela, hondakinen kudeaketaren zirkulua itxiko lukeelako.
Leire Etxaniz Urola Erdiko Mankomunitateko lehendakariak, berriz, Gipuzkoako Batzar Nagusietan hitz egin du, eta Osinbeltzen prozesua «gardentasun osoarekin» eramaten ari direla esan du: «Herritarrak beharrezko informazio osoa jasotzen ari dira, eta beraiek izango dira proiektua egingo den ala ez erabakiko dutenak». Martin Garitano Gipuzkoako diputatu nagusiak eta Arantza Ruiz de Larrinaga aldundiko Herritarren Partaidetzarako zuzendariak ere prozesua defendatu dute Batzar Nagusietan, eta oposizioko taldeei dei egin die «alderdien interesak bazterrean utzi» eta «Gipuzkoarako estrategikoak diren proiektuak herritarren parte hartzearekin batera har ditzaten». Euren eginbeharra herritarrei informazioa ematea dela azpimarratu dute, eta «beharrezkoa ikusten dugunean, informazioa eman eta eztabaida izan ondoren, herritarrei galdetzearen aldekoak gara», esan du Garitanok. «Zestoako kasuan beharrezkoa ikusi dugu galdeketa egitea. Kontsulta hori izango da abiatu dugun informazio eta parte hartze prozesu horren azken fasea».