Zestoako Udalak herriko emakumeen eta gizonen egoerari buruzko diagnostikoa egin du, arlo sozioekonomikoari eta berdintasunari buruzko argazkia osatzeko asmoz. «Badaude herrian arlo horretan lan egiten dutenak, baina bakoitzak bere erara egiten du, eta ikuspegi global bat falta zela ohartu ginen», adierazi du Iban Narbaiza Zestoako Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak. Hutsune horretatik abiatuta, urtebeteko lana egin dute herriko diagnostikoa osatzeko, eta hainbat ondorio atera dituzte. Besteak beste, «hainbat mito» irauli dituztela adierazi dute, berdintasunaren inguruan datuek erakutsi baitute genero rolak oraindik orain mantendu egiten direla. «Ez gaude uste genuen adina aurreratuak», dio zinegotziak. Oro har, estereotipoek jarraitzen dutela ebatzi dute. Esaterako, zuzendaritzetan oraindik gizonezkoak gailentzen direla eta zaintza lanak emakumeei lotutakoak izaten jarraitzen dutela antzeman dute. Horren aurrean, ia arlo guztietan genero ikuspegia lantzeko beharra azpimarratu dute.
Ia 70 orriko txostenean bildu dute diagnostikoa. Besteak beste, orain artean genero ikuspuntutik aztertu ez diren zenbait datu berrinterpretatu, esparru ekonomikoan ezberdintasunak identifikatu eta etxeko lanen banaketan, aisialdirako denboraren erabilpenean, zaintza lanetan, eta abarretan dauden desberdintasunak ikertu dituzte. Horretarako, elkarrizketak egin dituzte, eta eragileekin batzartu dira.
Arloz arlo aztertu dute berdintasunaren gaia, eta udaletxearen barne antolamenduari dagokionez, besteak beste parekidetasunean formazio beharra dagoela azpimarratu dute. Ordezkari politikoei dagokionez, alkatea emakumea bada ere generoen arteko egoera «desorekatua» dela deritzote. Izan ere, batzorde informatzaile gehienen burua gizonezkoa da. Beste hainbat lanpostu ere «genero rolen» arabera banatuta daudela azpimarratu dute: «Garbitzaileak emakumeak dira, eta udaltzain edo brigadakoak gizonezkoak. Aurrerantzean egingo den kontratazioetan generoa bereziki aztertzea baloratzen da», ebatzi dute txostenean. Zestoan, espazio berriak eraikitzerakoan ere genero ikuspegia kontuan hartu beharko lizatekeela adierazi dute. Puntu Beltzen Mapa egiteko beharra ere azpimarratu dute.
Ekonomiari dagokionez, «behar bezala baloratzen ez diren lanak» emakumeek egiten dituztela ondorioztatu dute, «kasu askotan erregularizatu gabe». Horren aurrean, programak sortzeko premia berretsi dute.
Ongizatearen arloan, egoera ekonomikoa okertzen joan zaien herritar kopurua hazi egin da. Eta ohartarazi dute gero eta gehiago direla bazterketa sozialaren mugara iristen ari direnak. Hainbat uste ere gezurtatu dituzte; Zestoan, biztanleen %5 dira etorkinak, eta datuetan jaso dute horiek direla Gizarte Zerbitzuetara gutxien jotzen dutenak.
Kirol eskaintzetan nagusiki emakumeak dira erabiltzaileak, baina estereotipoak gainditzeko «lan asko» egin behar dela ondorioztatu dute. Izan ere, «aisiari lotutako kiroletan» emakumeak dira gehienak, eta gimnasioetan eta kirol federatuetan, esaterako, gizonezkoak nagusitzen dira.
Bi aste, ekarpenak egiteko
Asteartean aurkeztu zuten lana, eta ondorioak esku artean, diagnostikoak udalaren eta taldeen lan ildoak zehazteko tresna erabilgarria izan behar dela uste du Narbaizak. «Lanketa eta estrategiak prestatzeko erreminta izan behar du». Diagnostikoa guztiz osatzeko, beraz, orain bi asteko epea ireki dute herritarrek eta eragileek euren ekarpenak egin ditzaten. «Ikusi da hainbat alorretan gehiago sakondu beharko litzatekeela; esaterako, adinduen egoerari eta gazteen etxebizitzen egoerari dagokienez». Hala, zertan sakondu nahi duten proposatzeko aukera izango dute datozen bi asteetan taldeek, eta horretarako udalarekin jarri beharko dute harremanetan.
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide