Euskal Herria plazan egingo dute Zestoako anbulatorio berria (Ane Olaizola/Hitza).
Zestoako Udalak jakinarazi du Eusko Jaurlaritza hurrengo hilean hasiko dela herrian osasun etxe berriaren lanak egiten. Egungo eraikinak dituen arazoen eraginez, azken urteetako beharrik handiena dela azpimarratu du Leire Etxeberria Zestoako alkateak, eta beraz, albiste pozgarritzak jo du Eusko Jaurlaritzaren iragarpena.
Euskal Herria Plazaren ondoko lokal batean egongo da osasun etxe berria; herrigunean bertan, beraz. Eraikina dagoeneko egina dago, eta hala, osasun etxe izateko egokitzapen lanak besterik ez dituzte egingo. Udalak abuztuan eman zuen obren baimena, eta Jon Darpon Osasun sailburuaren bitartez jakin du udalak osasun etxe berriko lanak datozen asteetan hasiko direla. Uda alderako amaituko dituztela aurreikusi dute.
Baldintza hobeetan
Egungo eraikina eraikin berritik metro gutxitara dago. 3.600 zestoarrek eta 738 aizarnazabaldarrek erabiltzen dute 172 metro koadroko instalazioa, eta bertara sartzeko hainbat eskailera igo behar dituzte erabiltzaileek. «Oso egoera txarrean dago osasun etxea», azpimarratu du Etxeberriak. Irisgarritasun arazo handiak dituela adierazi du, besteak beste eskaileren eraginez anbulantziak ezin duelako sarreraraino joan. Era berean, esku-oheetan joaten diren gaixoak kanpoaldean artatu behar izaten dituzte, ez direlako atean kabitzen.
Irisgarritasunak osasun etxearen zerbitzuan eragiteaz gain, egungo beharrei erantzuteko txikiegia eta zaharra ere badela berretsi du alkateak. Orain egingo duten instalazioak, berriz, 552 metro koadro edukiko ditu, eta irisgarritasun arazoak konponduko dituelakoan dira.
Urteetako prozesua
Azken urteetako eskaririk handiena izan da osasun etxe berria egitearena. «Herriak daukan beharrik handiena da». Oso albiste ona dela azpimarratu du alkateak: «Merezi dugun bezalako anbulatorio duin bat izango dugu».
Orain arteko prozesua luzea izan da; udalak aurreko agintaldian hasi zuen zentro berriaren prozesua. Altuna y Uria enpresarekin egindako akordio bati esker, udalak 735.829 eurotan baloratutako lokala bereganatu zuen, eta alkatearen esanetan, «hasieratik osasun etxea egiteko proiektua egon da han». 2009. urtean Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari utzi zion lokal berria, eta Jaurlaritzak iaz onartu zuen zentroa egiteko 800.000 euroko partida. Udaleko Bildu eta EAJ alderdiak elkarlanean aritu dira proiektua aurrera eramateko, eta Jaurlaritzarekin hainbat bilera egin dituzte azken urteetan.