Osinbeltz harrobia Endoiako antenetatik ikusita (Nerea Uranga/ Hitza).
Urte batzuk badira Zestoako harrobiko leherketak isildu zirela. Baina, joan den hilaren erditik harrobiaren izena, Osinbeltz, bolo-bolo dabil. Aldundiak hondakin geldoen biltegia jartzeko Osinbeltz aukeratu izanak zalantza eta galdera ugari sortu ditu zestoarrengan. Proiektuaren inguruko zalantzak argitu eta informazioa lantzeko lanean hasita daude zestoarrak: astearte honetan bildu da lehenengoz herritar batzordea.
Bestalde, atzo arratsaldean jakin zen Gipuzkoako Foru Aldundiaren hondakinen plana atzeratu egingo dela. Eusko Jaurlaritzak ez du luzatu
Zubietako TMB planta egiteko baimena. Jaurlaritzak esan du diputazioak proiektu berri bat duela esku artean orain, eta hori aztertu behar dela aurrena. Horrek Osinbeltzeko proiektuari eta zabortegien itxiera epeei eragingo die. Itxura batean Zarauzko Urtetari ez lioke eragingo (abenduaren 23an ixtekoak dira), baina Azpeitiko Lapatxen itxiera atzerarazi lezake. Oraingoz ez dago informazio zehatzik.
Kontuak kontu, zestoarrak martxan jarriak dira. Osinbeltzerako asmoaren berria prentsa bidez zabaldu orduko, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko (GHK) arduradunek batzar ireki bat egin zuten herritarrekin. Zestoako Udalak informazioa bildu eta Osinbeltzen inguruko herri lan batzorde bat osatzeko konpromisoa hartu zuen. Zestoako Harrobi Herri Plataforma ere sortu zuen herritar talde handi batek. Zestoarrek eskari bat lortu dute: azken hitza zestoarrek izango dute, herri galdeketa bidez.
Azken asteotan, herrian eta Zestoako auzoetan, Osinbeltzez informatzeko batzarrak egin dira aldundikoen parte hartzearekin; denera sei batzar. «Batzar informatibo horien inguruan egin den balorazioa positiboa izan da», Leire Etxeberria Zestoako alkatearen arabera.
Orain, berriz, udalak agindutako herritarren batzordeak eman du aurreneko pausoa: herenegun bildu zen aurrenekoz udaletxeko batzar aretoan. «Oso ondo joan da batzarra», dio alkateak: «Herriko talde desberdinetako kideak (auzoetakoak, herri plataformakoak, guraso elkartekoak, mendi taldekoak, natur taldekoak...) parte hartu dute. Horiez gainera, EH Bildukoak ere etorri dira; EAJkoek esan dute ez direla etorriko. Gipuzkoako Foru Aldundikoak eta GHK-koak ere han izan dira». Gipuzkoako Foru Aldundikoak bertan egotea «informazio zuzena eta teknikoa» izateko aukera dela dio Zestoako alkateak.
Batzarrean, «aurreneko urrats bat eman da. Oraindik Zubietako Tratamendu Biologiko Mekanikoko (TMB) plantaren eta Osinbeltzeko harrobirako hondakin geldoen biltegiaren proiekturik ez dago. Prozesua hasi besterik ez da egin», gaineratu du Etxeberriak.
Aurretik, Zestoan Hondakinen Mahai bat sortu zuten, eta orain Osinbeltzerako dagoen proiektuaren inguruan beste bat sortu dute. Batzordean orain arte egindakoaz ere balorazioa egin zuten: «Herrian egindako batzar informatiboek balorazio positiboa jaso dute, eta baita Osinbeltzeko proiektuaz herri galdeketa egiteko erabakiak ere».
Proposamenak mahairatuta
Hurrengo urratsak zeintzuk izan behar dute? Proposamenak jaso dituzte: besteak beste, Zubietako TMBren proiektua aurkeztea eta horretan sakontzea; Gipuzkoako Foru Aldundiak duen hondakin planaren ibilbide osoa ikusteko bidaia egitea; proiektuari jarraipen zuzena egitea; eta, biltegiaren kokalekuak sortzen dituen zalantzak argitzea. Horrez gain, agerian gelditu da gaur egungo Osinbeltz harrobiko egiturak herritarrengan zalantzak sortzen dituela. «Ederra enpresak harria txikitzeko erabiltzen du, eta horrek sortu duen eta sortzen duen kutsaduraz eta kalteaz ere kezka agertu da», azaldu du Etxeberriak.
Herri batzordearen bilerako akta Zestoako Udalaren webgunean (
zestoa.net) jarriko dute. Horrez gain, hainbat ekintza eta hitzaldi antolatzea ere aurreikusten dute.
Osinbeltzen inguruan sortutako herri batzordea bi aste barru bilduko da berriro. Orduan, aurreneko batzarreko ekarpenak aztertuko dituzte. Horrez gain, astelehenetik aurrera arratsaldero Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko kide bat herriko hondakinen bulegoan egongo da.
Bai egindako batzar informatiboetan, bai herri batzordean era guztietako iritziak jaso dituzte. Horregatik, «oso gustura» dago alkatea: «Era askotako iritziak eta ekarpenak egon dira batzarretan, batzordean eta udalbatzarrean. Jendeak lasai parte hartu du, eta hitz egiteko aukera egon da, denon artean eztabaida sano bat egon da. Beraz, izan gaitezen gai horrela segitzeko, prozesua luzea baita, eta hasi besterik ez gara egin». Aldundiko eta GHK-ko arduradunen jarrerarekin ere gustura dago alkatea: «Etorri eta parte hartzeko prest azaldu dira beti, eta orain arte inork ez digu horrelako prestutasunik erakutsi».