EAJren ustez, Osinbeltzeko galdeketa "zestoarren haserrea geldiarazteko aitzakia bat da"

Zestoako Hitza 2014ko azaroaren 12a

Zestoako EAJko bozeramaile Joxe Mendizabalek Osinbeltzeko harrobiaz egingo duten galdeketaren inguruko irakurketa egin du. Gipuzkoako Foru Aldundiak Osinbeltzeko hondakin geldoen biltegiaz herri galdeketa egingo duela iragartzeak "Bilduren interes politikoei" erantzuten diola, "botoen zigorra saihesteko". Galdeketa berriz, biltegiaren proiektuarekin jarraitu baino lehen egin behar dela irizten diote: "Orduan bakarrik eta emaitzak jakin ondoren, justifikatuta geratzen da harrobia zabortegi moduan prestatzeko ikerketa lanak ordaintzen jarraitzea, baina ez lehenago". Proiektuaren kontrako "jarrera tinkoa" mantenduko dutela berretsi dute, besteak beste turismoa kaltetuko duelakoan: "Aldundiaren asmoarekin Zestoa turismo arloan erakargarria egiteko aurrera eraman ditugun lan guztiak zabortegian lurperatzea eragingo luke. Nahiz eta Bainuetxea, Ekainberri edota Lili Jauregia izan, 300 metro eskasera usaina eta lixibiatuak sortuko dituen zabortegi bat ezarri nahi badigute, kaltea eginda dago eta inork ez du etorri nahiko”. Jeltzaleen arabera, hondakin geldoen biltegia "legez kanpokoa" da, "indarrean dagoen hondakin plangintzak ez baitu aurreikusten Gipuzkoan beste zabortegi berririk egitea". "Jakin badakite horretarako plangintza aldatu egin behar dela Gipuzkoako Batzar Nagusietan, eta aipatu ere ez dute egin nahi". Era berean, proiektuak "bermerik" ez duenez, Osinbeltzi buruzko ikerketa eta diseinu lanekin jarraitzea "diru publikoaren xahuketa" dela irizten diote.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide