[caption id="attachment_116187" align="aligncenter" width="300"]

Aixako kobazuloa (Mikel Irure).[/caption]
Aste honetarako Mendi Astea antolatu du Zestoako Agiro Mendi Taldeak, eta egiten ari diren ekintzen barruan dokumental bat emango dute bihar. Ikus-entzunezkoa 20:00etan aurkeztuko dute Zestoako jubilatuen tabernan.
Aixako kobako Lamiak izeneko dokumental honen berezitasuna da mendi elkartearen barruko espeleologia taldeak egin duela, eta emanaldi horrekin amaituko da aurtengo Mendi Astea. Aurreko larunbatean hamabost pertsona inguruk hartu zuten parte dokumentalaren filmaketan, 09:00etatik 16:00etara. Bertan Itziarko Aixako kobazuloko irudiak eta bertako zeharkaldia nola egiten duten ikusi ahal izango da.
Mikel Irure Agiroko kideak esan duenez, dokumentala egin dute herritarrei erakusteko elkarteak herrian zer egiten duen: «Ikus-entzunezkoa lehenago egitea pentsatu genuen, baina taldea biltzeko arazoak direla-eta, aurreko larunbatean egin behar izan genuen». Irureren arabera, Aixako kobazuloaren berezitasuna da bertan bi erreka sortzen direla: «Alde batetik sartzeko eta bestetik irteteko aukera dago, itzuli edo zeharkaldi bat bezala. Hori guztia herritarrei azaltzea eta erakustea interesgarria izango zela pentsatu genuen». Agiro Mendi Taldeko kideak esan du ez daudela ohituta horrelako lanak egitera. Hala ere, zerbait entretenitua egiten saiatu direla aitortu du: «Ez genuen ezer berezia egin nahi, baina gauzak ondo egin behar direla uste dugu. Dokumental bat egiteak bere lana dauka, baina lan guztiak merezi izan duela pentsatzen dugu, horrela herritarrek ezagutu ahal izango dutelako inguruan dugun kobazuloa».
Babestu beharrekoa
Dokumentala zerbait «polita» izango dela dio Irurek: «Garaiz amaitu dugu lana, eta oso gustura geratu gara emaitzarekin. Filmatu dugun lekua oso polita da, eta jendeari gustatuko zaiola uste dugu».
Aixako kobazuloa zaintzeko beharra dagoela adierazi du Agiro Mendi Taldeko kideak: «Kobazuloa babesteak merezi duela uste dugu. Ez dugu ezkutatu behar, baina, hala ere, argi izan behar dugu edozein ezin dela bertara sartu. Izan ere, gutxieneko formakuntza bat edukitzea inportantea da». Kobazuloa «egoera onean» dagoela dio Irurek, baina hala ere, «labirinto» bat dela dio: «Oso erraza da horrelako kobazulo batean galtzea. Oso konplexua da bertan ibiltzea», argitu du.
Duela 12 urte inguru antolatu zuten Zestoan lehenengo aldiz Mendi Astea, eta aurtengoarekin ere «gustura» daude: «Antolatutako saioetara jende gutxi etorri arren, gutxi horiek interesa dute guk proposatutako gaien inguruan». Irurek herritarrak gonbidatu nahi ditu bihar ikusgai egongo den dokumentala ikustera joateko: «Pertsona bakoitzak bere ondorioak aterako ditu, eta norbaitek kobazuloaren edo gure taldearen inguruan galderarik badu, prest egongo gara guztiak erantzuteko».