Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Agiro Mendi Elkarteak udalaren laguntzarekin antolatuta, hainbat saio egingo dituzte ostegunera bitartean. Astelehenean, mendiko sorospen babesteko ikastaroa egingo dute, Euskal Herriko Mendi Federazioaren eskutik. Hur Lertxundik ordu eta erdi inguruko saioa eskainiko du, 20:00etan, kultur etxean. Doako ikastaroa izango da, eta bi zati izango ditu. Lehenengoa astelehenekoa izango da, eta bigarren zatia hurrengo urtean egingo dutela jakinarazi du elkarteak.
Asteartean, berriz, Egoitz Zubizarretak egindako Cerro Torre 2012 (Patagonia) ikus-entzunezkoa eskainiko dute, 20:00etan, jubilatuen tabernan. Hurrengo egunean umeen txanda izango da. 17:00etatik 19:00etara bitartean, kiroldegiko rokodromoan eskalada tailerra egingo dute. Herriko umeak taldetan banatuko dituzte, eta bakoitzak bere ordutegia izango du eskalatzen ikasteko.
Ostegunean amaituko da Zestoako Mendi Astea. Agiro Mendi Elkarte barruko espeleologia taldeak egindako Aixako kobako lamiak dokumentala ikusi ahal izango da, 20:00etan, jubilatuen tabernan.