Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
"Parte hartze prozesu baten amaieran" egingo dela esan du Martin Garitano ahaldun nagusiak gaur eguerdian eman duen prentsaurrekoan. Horregatik, "hurrengo legegintzaldian" egingo lukete herri galdeketa. "Erabakia zestoarrek hartuko dute galdeketa bidez bizigabetutako materia biltegia jartzeko eta Osinbeltz harrobia berreskuratzeko proiektuari buruz. Zestoarrek izango dute hitza eta erabakia", esan du Garitanok. Zestoako Udalak egin dio eskaera aldundiari, eta bi erakundeak adostasunera iritsi dira.
Leire Etxeberria Zestoako alkateak balorazio ona egin du orain arte egindako lan informatiboaz, eta bide horretan jarraitzeko eskatzen dio aldundiari, "zestoarrek eskubidea dutelako ahalik eta informazio gehien jasotzeko. Udalak zestoarren interesen defentsan jarraituko du. Era guztietako iritziak daude herrian, eta denen iritzia kontuan hartu behar da". Herri galdeketa egitea eta aurreko prozesua demokratikoa dela iritzi dio.
Pausoak herri galdeketa baino lehen
Zestoan parte hartze prozesu bat egitea adostu dute aldundiak eta udalak "informazio eta iritzi trukea laguntzeko, eta prozesu hori galdeketa bidez amaituko da". Aurrena proiektua diseinatu beharko da eta baimen guztiak izan beharko ditu egitasmo horrek.
"EH Bilduren Foru Gobernuak zestoarren erabakia errespetatzeko konpromisoa du", esan du Garitanok. "Herritarrek ez gaituzte hautatu alderdikeriaz jokatzeko, edo demokraziaren oinarrizko kontzeptuak bihurritzeko eta elkarren aurka erabiltzeko", gaieneratu du.
Herriak ezetz esaten badu?
Iñaki Errazkin Ingurumen diputatuak esan du beste alternatiba batzuk ere ari dela aztertzen aldundia, zestoarrek ezezkoa bozkatuko balute. Baina, hala ere, berretsi du aldundiarentzat Osinbeltz dela proposamen egokiena bizigabetutako materiala biltzeko.
Hasieran jarritako epeak betetzeko asmoa badutela ere esan du Errazkinek. Finantzaketari dagokionez, banketxeekkin hizketan ari direla esan du, ez Osinbeltzeko proiektuaz bakarrik, baita hondakinen inguruko beste azpiegiturez ere, eta "bide onetik" doala esan du. Gaineratu du epe motzean emango dutela informazioa horri buruz.