Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Zestoako Elikagaien Bankuak janari bilketa bat abiatu du herriko saltokietan. Atzo hasi zuten kanpaina, eta herritarrek aste osoan eraman ditzakete elikagaiak, herrian horretarako beharra dutenei laguntzeko.
Aurretik ere gisa horretako kanpainak egin izan ditu Zestoako Elikagai Bankuak; besteak beste, herriko ikastetxeetan, udal eraikinetan, eta beste hainbat eremutan egin izan dituzte. Oraingoan, kanpaina dendetara zuzendu dute, euren asmoa delako ahalik eta leku gehienetara iristea. «Nahi dugu guztiok jabetzea dagoen arazoaz, eta bakoitzak bere alea jartzea», azaldu du taldeak.
Gipuzkoako Elikagai Bankuarekin elkarlanean funtzionatzen du Zestoakoak, eta Oiartzungo biltegitik hartzen dituzte elikagaiak, herriko familien artean banatzeko. Egun, biltegian «eskasi handia» dagoela ohartarazi dute, eta horregatik abiatu dute janari bilketa, eta herritarrei dei egin die ekarpenak egitera. Gutxienez, oinarrizko produktuak bermatu nahi dituzte, eta beraz, herritarrek olioa, arroza, pasta, lekak... utzi ditzakete Zestoako saltokietan jarriko dituzten gune berezietan.
Orain bildutako guztia herrian banatuko dute gero. Hileko bigarren asteburuetan banatzen dute Zestoan janaria. Duela urtebete inguru sortu zen Zestoako Elikagai Bankua, horretarako beharra zegoela ikusita. Asko dira Elikagai Bankura jotzeko beharra dutenak, eta sortu zutenetik, hazi egin da elikagaiak banatzen dizkieten familien kopurua. Izan ere, bederatzi familirekin hasi zuten jarduna, eta egun hogeita hamar familirengana iristen dira. «Arazoa gero eta gehiago ari da bistaratzen. Finean, batzuen egoera muturrera iristen ari den seinale da hori». Adierazi dutenez, ez dute beraiek erabakitzen zeini eman janaria, udalak finkatuta dituen irizpideen arabera, hango Gizarte Zerbitzuetatik bideratzen dituzte familiak Elikagai Bankura.
Orain arte egin dituzten janari bilketetan erantzuna oso ona izan dela nabarmendu dute. «Helburuak beti bete dira. Asko jasotzen da, eta horrek hilabeteetan biltegia beteta edukitzea ahalbidetzen du, hilero familiei emateko bermeak izan ditzagun».
Material bilketa, Perura
Bestetik, Huancavelicaren Lagunak Zestoako Gobernuz Kanpoko Erakundeak ere hasi du urteroko kanpaina. Acobamba eta Huancavelicako (Peru) umeen jangelarako laguntzak emateko asmoz, larunbatean Zestoako udaletxe azpian egongo dira, 10:30etik 18:00etara bitartean.
Ohi bezala, janaria, ikas materiala eta garbiketa pertsonalerako produktuak jasoko dituzte umeei laguntzeko. Era berean, herritarrek aportazio ekonomikoak egin ditzake, materiala Perura bidaltzeak eragiten dizkien gastuak ordaintzeko.