Zestoako EAJ: "Zestoarrak ez gara izango ezker abertzalearen arduragabekeriaren eta inprobisazioaren biktimak"

Zestoako Hitza 2014ko urriaren 14a

Gipuzkoako Foru Aldundiak Zestoako Osinbeltz harrobian hondakin geldoen biltegia jartzeko erabakiaren aurka egin du Zestoako EAJk. Jeltzaleek "inposaketa" alboratzen dutela esan dute, eta alkateari dei egin diote "zestoarren interesak ezker abertzalearen interesen gainetik" defendatu ditzan. Era berean, premiazko osoko bilkura egiteko eskatu diote alkateari, "gaia argi eta garbi eztabaidatzeko". Zestoa "zabortegirik gabeko udalerria" izenda dezaten ere eskatu dute beste behin. "Zestoaren eta zestoarren zoritxarrerako genituen susmo okerrenak betetzen ari dira, azken udalbatzarrean Bilduko zinegotziek ezezkoa eman zioten EAJkook aurkeztutako mozioari. Bertan Zestoa hondakin geldoen zabortegirik gabeko udalerria izendatzea eskatu genuen. Ezetzarekin, Zestoako Bilduk argi berdea eman eta ateak zabaldu zituen herrian Gipuzkoako zabortegi berria kokatzeko", esan du Joxe Mendizabal Zestoako EAJko bozeramaileak. "Zestoarren interesak" defendatzeko "ezer ere" ez egitea leporatu diote Leire Etxeberria alkateari, eta "jarrera argia" hartu eta "zintzotasunarekin eta gardentasunarekin" jokatzeko eskatu diote.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide